Categorías: albisteak-berriak

Lehendakariak eta Japoniako enbaxadoreak Euskadi-Japonia 2023 programaren emaitzak ebaluatuko dituzte

Euskadik eta Japoniak elkarrekin lantzen ari diren lankidetza estuak emaitza onak eman dituela baieztatu dute, eta hartu-emanak josten segitzearen alde azaldu dira batzuk eta besteak, horrela, elkarrekin proiektu berriak aurrera ateratzeko. Takahiro Nakamae Japoniako enbaxadoreak Iñigo Urkullu Lehendakaria hartu du gaur eguerdian Madrileko bere egoitzan, eta bilera horretan, formalki Euskadi-Japonia 2023 programari amaiera eman eta ekimenaren balantzea egin dute. Iñigo Urkulluren ahotan, “Euskadi Basque Country kanpoan posizionatzeko Eusko Jaurlaritzak abiarazitako proiekturik anbiziotsuena” da honako hau.

Lehendakariak, lehenik eta behin, eskerrak eman ditu Japoniak Espainian duen enbaxadako kideek eskainitako laguntza eta elkarlanarengatik, bere aburuz, euren laguntzari esker “erronka zirraragarri” hau errealitate bihurtu da; era berean, proiektu honetan sartu diren euskal eragile publiko eta pribatu guztiei ere esker ona adierazi Lehendakariak, horietako batzuk Madrilen egin den ekitaldian bertan izan dira.

Iñigo Urkulluk gogorarazi du Euskadi-Japonia ekimena duela urte bat ipini zela abian, norabide biko harremanei bultzada kualitatiboa emateko, lankidetza eta proiektu berriei ateak irekitzeko eta Euskadi Basque Country Japonian sustatzeko, alegia, munduko hirugarren ekonomian eta industrian eta teknologian munduko estaturik aurreratuenetako batean.

Horretarako, batik bat, eremu instituzionaleko, ekonomiako, unibertsitateko, kulturako eta turismoko 50 ekintza biltzen zituen programa bat diseinatu zen, eta egitasmo horretako jarduera horiek guztiak aurreko urtean eraman ziren aurrera, bai Euskadin, bai Japonian.

Aurreikuspenen gainetik 

Urtea amaituta eta balantze orokor modura, Japoniako enbaxadoreak eta Lehendakariak elkar zoriondu dute, ekimen honek erdietsitako emaitza onengatik, eta aurreikuspen guztiak gainditu direla baieztatu dute.

Horrela, eremu instituzionalean, 2023an Mie-ko eta Fukushima-ko Prefekturen lankidetza berritu eta baieztatu da, eta aurrera begira aukera asko dago energia berriztagarrietan, 4.0 industrian, gastronomian eta erromes bideetan elkarrekin lan egiten jarraitzeko.

Horretaz gain, Lehendakariak urrian Japoniara egindako bidaian izandako bilerek elkarlana indartzeko balio izan zuten, bai Tokio Metropolitanoaren Gobernurekiko –iraunkortasunean oinarrituta–, bai Hiroshimarekiko –kasu honetan, maila akademikoan, batik bat, memoriari eta elkarbizitzari begira–.

Esparru industriala dela eta, bistan da merkataritza fluxua hobetzeko tarte handia dagoela oraindik. 2022. urtetik aurrera, Nazioartekotzeko Euskal Agentziak bulego bat dauka Tokion, eta agentzia horrek lanerako aukerak atzeman ditu automozioan, energia berriztagarrietan, gailu medikuetan, makina-erremintan eta IKTetan.

Hori horrela, 2023. urteko enpresa agenda, batez ere, haize-energiari, hidrogenoari, automozioari eta gailu medikuei buruzko azoketan lan komertziala sustatzeaz, bilerak egiteaz eta parte-hartzea bideratzeaz arduratu da.

Guztira, euren sektorean liderrak diren enpresetako 56 ordezkari –esate baterako, Hitachi, Mitsui, Mitsubishi, Marubeni edo Sumitomo– eta Japoniako erakunde eta agentzietako hogei bat ordezkarik Euskadi bisitatu dute ekintza desberdinen bidez; 80 CEO eta Japoniako tokiko gobernuetako ordezkari Tokion izan zen Business Leaders Summit delakoan izan dira, euskal industriaren gaitasuna ezagutzera emateko. Era berean, euskal industriako enpresetako 330 ordezkarik Euskadin eta Japonian antolatutako B2B izeneko mintegi eta topaketetan parte hartu dute, eta enpresetako hogeita hamar ordezkari inguruk Japonia bisitatu zuten aurreko urrian, zuzen-zuzenean horretaz arduratzen zen ekimen baten babesean.

Gastronomiak leku esanguratsua bete du Euskadi-Japonia 2023 programaren agendaren barruan, eta hemengo eta hango sukaldaritzek jakin-mina pizten dutela baieztatu da. Hori horrela, Japonia, lehengo aldiz, Food for Future delakora gonbidatu zuten, parte-hartzea handia izan zelarik– 80 pertsona eta stand finko-, eta Donostiako Gastronomika-n Japoniako destilatuen dastaketa eta Euskadi-Japonia jantoki ofiziala izan ziren.

Bestalde, Japoniako sukaldaritzako, banaketako eta ostalaritzako 1.200 profesional baino gehiagok Tokio-n, Osaka-n eta Mie-n antolatutako euskal produktuei eta euskal gastronomiari buruzko dastaketetan eta showrooms eta showcookings deitutakoetan parte hartu zuten.

Turismoari dagokionez, urtearen hasieran FITUR-eko topaketak izan ziren. Urrian, berriz, Japoniako 50 tour-operadore eta eragile baino gehiago hurbildu ziren Euskadi  turismo helmuga gisara sustatzeko Tokion izandako jardunaldietara, eta turismoko dozena bat euskal enpresarekin harremanak izan zituzten. Basquetour delakoak, berriz, Osaka-n 215 bilera komertzial izan zituen, sektore honetako Japoniako profesionalekin. Zifra horiek guztiek adierazten dutenez, berandu baino lehenago, Estatua bisitatzen duten Japoniako turistek aukeratzen duten hirugarren helmuga bilakatu ahal da Euskadi, Bartzelonaren eta Madrilen atzetik.

Finantzei dagokienez, Euskadi bono iraunkorra aurkeztu zitzaien Japoniako finantza-sektoreko erakunde adierazgarrienetako batzuei, eta interes handia eragin zuen.

Era berean, euskal kultur agenda Japoniako artistez eta sormen-lanez lepo beteta egon da. Musika hitzordu nagusiek -Jazzaldia, Hamabostaldi Musikala-, Zinemaldiak, Zinebik eta Museoek -Guggenheim- japoniar zaporea izan dute. Ildo beretik, Kultura sailburua Tokioko Nazioarteko Zine Jaialdira bertaratu zen, izan ere, lehen aldiz, 5 euskal film eskaini ziren bertan, Unicorn Wars euskal lanak Niigata-ko Anime jaialdian parte hartu zuen (Asiako prestigiotsuena), eta Kanazawa-n txalaparta entzun zen Jazz jaialdian. Bien bitartean, ia-ia ehun lagunek Euskarari eta Euskal Kulturari buruzko ikasketak egin zituzten Tokioko Atzerriko Ikerketen Unibertsitatean, Etxepare Institutuaren eskutik. 

Basque Week 

Euskadi-Japonia 2023 programak urrian izan zuen une gorena, hain justu ere, Toshima hiriko Basque Weed delakoan, bertan izan zirelarik Lehendakaria bera, Arantxa Tapia sailburua eta Javier Hurtado sailburua.

Urriaren 14tik 19ra, kalean bertan, Basquetour-ek Euskadiko turismo eskaintza eskaini zien Tokioko bizilagunei, eta euskal kulturako eta euskal gastronomiako 90 tailer inguru eskaini ziren, bertan izan zirelarik, Oreka TX, Kukai, Zurgai herri kirolak eta Fede Pacha sukaldaria eta bere taldea.

Proposamenak harrera bikaina jaso zuen Japoniako ikus-entzuleen artean. 18.000 pertsona hurbildu ziren erakusmahaietara, 2.500 lagun baino gehiagok informazio turistikoa eskatu zuten eta 1.680 herritarrek programatutako tailerretan parte hartu zuten.

Bukatzeko, Lehendakariak adierazi du ziur dagoela, berandu baino lehenago, “epe luzeko erronka” honetan egiten ari den ahalegin guztiaren fruitua ikusiko dela.

“Herri serioa gara, fidagarria, hitzekoa. Baita zuek ere.” – adierazi du Lehendakariak.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

La Ertzaintza y la Policía Local de Erandio realizan un dispositivo preventivo en el exterior de un local de ocio

Durante esta pasada noche y la madrugada de hoy, sábado, se ha llevado a cabo…

11 horas hace

ETAk 2001ean Beasainen hildako Ana Isabel Arostegui Legarreta eta Javier Mijangos Martínez de Bujo gogoratu ditu Ertzaintzak

Duela 23 urte ETAk hildako Ana Isabel Arostegui Legarreta eta Javier Mijangos Martínez de Bujo…

14 horas hace

Fallece una persona en un accidente de tráfico en la N-634 en Eibar

24_0635 Fallece una persona en un accidente de tráfico en la N-634 en Eibar Fallece…

1 día hace

El Ayuntamiento de Donostia «extremará» el control del uso que hacen las autocaravanas del espacio público

PRUEBA Ante las dificultades legales para la regulación específica de las autocaravanas, el Ayuntamiento…

2 días hace

‘Lo Que No Te Cuentan De Donosti’ cancela sus concentraciones

PRUEBA El grupo ‘Lo Que No Te Cuentan De Donosti’, cuyo «objetivo siempre ha…

2 días hace