Categorías: albisteak-berriak

Lehendakariak Areatzako eskola publikoko instalazio berriak bisitatu ditu

  • Eusko Jaurlaritzak 4,1 milioi euroko inbertsioa egin du Areatzako eskola publikoan eraikinak eraberritu eta handitzeko
  • Areatza HLHIko 123 neska-mutilek Gabonetako oporrak baino lehentxoago estreinatu dituzte instalazio berriak
  • Lan hauetan eskolarako gimnasio estalia ere eraiki da

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, Areatza Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxea (Areatza HLHI) bisitatu du gaur goizean. Bertan, Hezkuntza Sailak amaitu berri ditu ikastetxe horrek erabiltzen duen eraikin historikoa (Haur Hezkuntzakoa) eraberritzeko eta Lehen Hezkuntzako eraikina handitzeko lanak. Bisitan izan dira, halaber, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Iñaki Orbe Hezkuntzako Bizkaiko lurralde ordezkaria eta Peru Perez de Anuzita, Areatzako alkatea.

Ikastetxeko zuzendaritza taldea gidari zela, Lehendakariak eta sailburuak bertako instalazio nagusiak zeharkatu dituzte, eta eskolan egin diren lanak bertatik bertara ezagutu dituzte.

Lehendakariak egindako bisitan azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak denbora daramala ikastetxeak modernizatzeko eta berritzeko lanean, ikastetxeek kalitate goreneko baliabideak izan ditzaten. «Beharrezko baliabideak izateak irakaspen prozesua bera erraztu eta aberasten dute eta hori funtsezkoa da gure gizartearentzat, beste behin balioan jarri nahi dut hezkuntzaren garrantzia eta irakaskuntzak gizarteari egiten dion ekarpena” azpimarratu du. Ildo horretan, Lehendakariak Hezkuntzaren Lege berria ere aipatu du; «gaur egungo beharrei erantzuna emango dion Legea da, tresna egokiekin, eta batez ere, bide hau elkarrekin egiteko borondatearekin: hezkuntza helburuak ondo finkatuz, ikastetxe bakoitza ahaldunduz, zuzendaritza taldeei babes handiagoa emanez eta ikasle guztien beharrizanak kontutan hartuz” azpimarratu du. “Hezkuntzak libreago egiten gaitu eta, honenbestez, hezkuntzan inbertitzen duen gizarte bat beti izango da askeago” adieraziz amaitu du bere hitzaldia Iñigo Urkullu Lehendakariak.

Areatza Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak 2 eta 12 urte bitarteko 123 neska-mutil ditu 2023-2024 ikasturtean. Hezkuntzako hogei bat profesional arduratzen dira ikasle horiez guztiez. Arratiako eskola publiko honek adin ezberdinetako ikasleak gela berean elkartuz osatzen ditu taldeak, eta horrela, adin aniztasunak eskaintzen dituen hezkuntza-aukera eta esperientzia aberasgarriak baliatzen ditu ikaskuntza eta irakaskuntza prozesurako. Areatzako hezkuntza komunitateak Gabonetako oporrak baino lehentxeago estreinatu ditu instalazio berri hauek, joan den abenduko zubiaren ostean.

Eraikin-multzo bakarrean

4.181.666,31 euroko inbertsioa eginda (BEZ barne), Hezkuntza Sailak Areatza HLHIko eraikin bietan burutu ditu lanak. Batetik, Haur Hezkuntzako etaparako erabiltzen den eraikin historikoan –lehen zaharren egoitza izandakoa–, eta, bestetik, Lehen Hezkuntzako eraikinean. Bien artean, gimnasio estali berria eta bi eraikinak lotzen dituen sarrerako gune berri bat ere eraiki dira.

Konponbide arkitektoniko honen emaitza gisa, eraikin historikoa eta bere lursaila eskola-multzoan sartuta eta integratuta geratu dira, eraikin zaharraren izaera berezia errespetatuz. Horrela, eraikin-multzo bakarra osatzen dute biek, lorategi zabalez inguratua.

Eraberritzerik sakonena eraikin historikoan egin da, Bolibar zaharren egoitza izandakoan. Eraikin horretan, erdisotoan, sukalde berria (37 m²) eta jangela (93 m²) egin dira. Ekialdeko fatxadan kokatua dagoenez, argi naturala eta kanporako irteera zuzena ditu jangelak. Beheko solairuan, berriz, Haur Hezkuntzako gelak daude. Gela hauek ere irteera zuzena dute kanpora, hegoaldera begira dagoen fatxadako aterpera eta lorategiko jolastokira. Lehen solairua osorik eraberritu eta birbanatu da eraikin honetan, eta ikastetxearen administrazio-eremua kokatu da bertan. Hemen daude zuzendaritzako bulegoak eta irakasleen gela, besteak beste. Eraikin honen barruan, komunikazio-nukleo berri bat sortu da eskailera eta igogailu berriekin, antzinako eskaileren eta karga-jasogailuaren ordez.

Garai batean egoitzako kapera izandakoa, berriz, psikomotrizitate gela (75 m²) izateko egokitu da. Espazio honen altuerak, zabaltasunak eta leiho altuen bidezko argiztapenak erabilera horretarako leku egoki bihurtzen dute. Haur Hezkuntzako ikasleek eraikin honen solairu bat baino ez zuten hartzen lehen (beheko solairua bakarrik erabiltzen zuten), baina zaharberritu ondoren, eraikineko espazio eta solairu guztiak erabiltzen hasi da ikastetxea.

Gimnasio berria

Lehen Hezkuntzako eraikinean, barruko espazio batzuk birbanatu egin dira, eta Haur Hezkuntzako eraikina dagoen alderantz hedatu da. Hedatze-espazio horrek komunikazio-gune berri bat hartzen du, eskailera eta igogailuarekin, eta gimnasio estaliarekin (191 m²) lotzen da. Gimnasio berri hau bi eraikinen artean altxatu da, erabiltzen ez zen espazio batean.

Gimnasioa ez ezik, bi eraikinen artean sarrerako gune berri bat ere egin da. Atari berri honek bi eraikinak eta bi etapak –lan hauek egin aurretik bananduta zeudenak– batu eta artikulatzen ditu, eskola-multzo bakarra osatuz. Atari berri hau da orain ikastetxerako sarbide nagusia (Askatasuna kaletik).

Lehen Hezkuntzako eraikinean, halaber, honako lan hauek ere egin dira: egokitutako komunak solairu bakoitzean, akaberak berritu eta hormak margotu eta zoru berria jarri. Horiez gain, fatxadan, leihoen gainean, lama mugikorrak jarri dira. Lama orientagarriak eta tolesgarriak izanik, geletako argitasuna zein tenperatura kontrolatzen laguntzen dute.

Lorategi zabalak

Lanak egitean, era berean, bi eraikinen lursailak bereizten zituen horma eraitsi egin da, eta honela kanpoaldean ere espazio-batasuna lortu da. Eraikinak sarrerako gunearen eta gimnasioaren eraikinaren bidez elkartuta daudenez, bien arteko mugikortasuna guztiz barnekoa da orain, eta, beraz, funtzio hori betetzen zuten kanpoko pergolak eta pasabideak kendu egin dira.

Kanpoaldean, eta bereziki orubearen hegoaldean, nabarmentzekoa da eutsi egiten zaiela egoitzak zituen gune berde eta lorategiei, eskolak erabili ditzan.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Bilboko saltoki batean egindako lapurreta baten bi egileak atxilotu dituzte

Ertzaintzako agenteek, Udaltzaingoaren laguntzarekin, bi gizon atxilotu dituzte gaur goizaldean, Bilboko saltoki baten sarrera behartzeagatik…

3 horas hace

Ertzaintzak Arrigorriagako Atxukarro industrialdeko enpresa-pabiloi batean urrian izandako sutearen ustezko egilea atxilotu du

Ertzaintzako agenteek 47 urteko gizon bat atxilotu dute Arrigorriagan, urrian industria-pabiloi bat suntsitu zuen sutea…

9 horas hace

Eusko Jaurlaritzak eskola-garraioaren segurtasuna zainduko du

Azaroaren 25etik 29ra bitartean, adingabeen ikastetxeetarako garraioaren zaintza indartuko du. Besteak beste, segurtasun-uhalen erabilpena, ibilgailuetako…

9 horas hace

La Ertzaintza y la Policía Local de Erandio realizan un dispositivo preventivo en el exterior de un local de ocio

Durante esta pasada noche y la madrugada de hoy, sábado, se ha llevado a cabo…

1 día hace

ETAk 2001ean Beasainen hildako Ana Isabel Arostegui Legarreta eta Javier Mijangos Martínez de Bujo gogoratu ditu Ertzaintzak

Duela 23 urte ETAk hildako Ana Isabel Arostegui Legarreta eta Javier Mijangos Martínez de Bujo…

1 día hace

Fallece una persona en un accidente de tráfico en la N-634 en Eibar

24_0635 Fallece una persona en un accidente de tráfico en la N-634 en Eibar Fallece…

2 días hace