• 212 plazatik 410 plazara pasatuko dira, bai Euskal Poliziako oinarrizko eskalan bai Ertzaintzako Bide Segurtasuneko eta Ikerketa Kriminaleko espezialitateetako lanpostuetan
• Udaltzaingoetan, plaza hutsen kopurua handitu dute Bilbo, Donostia, Etxebarri, Getxo, Gorliz, Irun, Portugalete eta Zamudioko udalek
• Hautatutako pertsonek formakuntza udaberrian hastea aurreikusten da, dagozkien polizietan datorren urtean sartu ahal izan daitezen
Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak gaur eman duen ebazpenean igo egin da, ia bikoizteraino, Euskal Poliziako azken LEPeko plaza-kopurua. 2023ko urtarrilean Ertzaintzako eta udaltzaingoko 212 plaza deitu zituzten, eta, orain, hautaketa-prozesua amaitzen ari denean, eta lehiaketa-oposizioaren behin betiko emaitzak argitaratu aurretik, Jaurlaritzak eta deialdia egin duten udalek erabaki dute azkenean 410 plaza izatea.
Hori dela eta, LEP honetan udaltzaingoko 210 agente sartuko dira Euskadiko 31 udaletan eta 200 agente Ertzaintzan, bai oinarrizko eskalan bai Ikerketa Kriminalaren eta Bide Segurtasunaren espezialitateetan. Berez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren 40 urteko historian lehenengo aldiz deitu dira lehiaketa-oposizio bidez espezialitatedun plazak. Jaurlaritzak hartutako erabakia da, gaur egun lanpostu huts gehien dituzten destino profesionalak baitira. Horrela, espezialitatea duten plazen ikasketa-planak, ikasgai-zerrenda komunaz gainera, espezialitate bakoitzeko lanak eta eginkizunak betetzeko beharrezko formakuntza espezifikoa ere jasoko du.
LEP honetan hautatutako pertsonek formakuntza udaberrian hastea aurreikusten da, dagozkien polizietan datorren urtean sartu ahal izan daitezen.
- ERTZAINTZA: 200 plaza.
- Ertzaintzaren oinarrizko eskalako 27. Plaza horiek guztiek Ertzaintzaren nahitaezko 1. hizkuntza-eskakizuna dute (Europako esparruko B2).
- Ikerketa Kriminala espezialitateko 107 (57 berri). Plaza horietatik 86k dute Ertzaintzaren nahitaezko 1. hizkuntza-eskakizuna.
- Bide Segurtasuna espezialitateko 66 (16 berri). Plaza horietatik 53k dute Ertzaintzaren nahitaezko 1. hizkuntza-eskakizuna.
- UDALTZAINGOAK: Euskadiko 31 udaletako udaltzaingoetako oinarrizko eskalako 210 plaza. Gehienek Administrazio Publikoko nahitaezko 2. hizkuntza-eskakizuna izatea eskatzen dute (Europako esparruko B2).
Udal hauetako plaza hutsen kopurua handitu da:
- Bilbo (3 plazatik 60ra), Donostia (1etik 41era), Etxebarri (1etik 3ra), Getxo (2tik 19ra), Gorliz (1etik 2ra), Irun (5etik 6ra), Portugalete (3tik 9ra) eta 1etik 2ra Zamudioko udaltzaingo-zerbitzuan.
Udal hauek deitutako plaza-kopurua mantendu egin da:
- Amurrio (1 plaza), Andoain (3 plaza), Aretxabaleta (1 plaza), Arrasate (2 plaza), Arrigorriaga (1 plaza), Basauri (1 plaza), Bermeo (2 plaza), Eibar (3 plaza), Errenteria (12 plaza), Gernika-Lumo (2 plaza), Hondarribia (1 plaza), Lasarte-Oria (3 plaza), Mungia (2 plaza), Pasaia (3 plaza), Santurtzi (8 plaza), Sestao (6 plaza), Sopela (2 plaza), Soraluze (1 plaza), Tolosa (1 plaza), Vitoria-Gasteiz (2 plaza), Zarautz (2 plaza) eta Zumarraga (8 plaza) eta Zizurkilgo udaltzaingo-zerbitzua (1 plaza).
XI. Legealdiko erronkak
Hautaketa-prozesu hau oinarrizko hiru helbururekin diseinatu zen:
- Berdintasuna: Euskadin altueraren baldintza kenduta egiten den lehenengoa da. Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek Euskadin emakume polizien kopurua gehitzeko eta, modu horretara, plantilletako egungo desoreka zuzentzeko hartutako beste neurri bat da.
- Belaunaldien arteko txanda: belaunaldien arteko txanda eta erroldak gaztetzea bermatzea.
- Euskalduntzea: Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen euskalduntze-prozesuan aurrera egitea, euskara harremanetarako ohiko hizkuntza izan dadin, bai laneko hizkuntza gisa bai herritarrei arreta emateko hizkuntza gisa.