Ertzaintzak dispositibo bat jarri du abian Laudioko gaueko aisialdirako bi lokaletan, substantzia estupefazienteen kontsumoa eta salmenta prebenitzeko. Operatiboan Herritarren Segurtasuneko patruilek, Brigada Mugikorreko kideek eta Txakurren Unitateko kideek parte hartu dute, eta droga-trafikoagatik ikertutako bi pertsona eta ia hogei bat administrazio-zigor jaso dituzte.
Atzo, ostirala, 20:30ean, Laudioko ertzain-etxeko agenteek substantzia estupefazienteak kontsumitzearen eta saltzeare aurkako dispositibo bat abiarazi zuten herriko bi tabernatan, Nerbioi ibaiaren erriberaren ondoan dagoen aisialdi-gune jendetsu batean.
Dispositiboan, gainera, Ertzaintzako Brigada Mugikorreko eta Txakurren Unitateko kideek parte hartu zuten, eta, horren ondorioz, guztira hamazazpi pertsona zigortu zituzten; hamahiru, substantzia estupefaziente kontsumitzeagatik (bi lokaletan identifikatuak); hiru, arma zuriak bide publikoan edukitzeagatik; eta, azken bat, negozioetako baten arduraduna, kontsumoaren tolerantziagatik.
Bestalde, beste bi pertsonari eginbideak ireki dizkiete, droga-trafikoko delitu bana egotzita. Horietako bati 70 gramo haxix atzeman zizkioten, eta beste pertsona bat lokaleko zerbitzuetan aurkitu zuten, droga eta estupefazienteen trafikorako materiala ezkutatzen saiatuz. Unitate espezializatuko txakurrak gela ikuskatu ondoren, 40 gramo haxix eta doitasun-baskula bat aurkitu zituzten.
Ertzaintzak kanabisaren deribatuen ohiko kontsumoak osasunerako izan dezakeen arriskuaz informatu nahi du, eta herritarrei gogorarazi nahi die substantzia horiek bide publikoan eta aisialdiko lokaletan kontsumitzea debekatuta dagoela indarrean dagoen legediaren arabera.