Ertzaintza bi pertsona ikertzen ari da banku-iruzurrekin ustez zerikusia dutelakoan


24_0046 Ertzaintza bi pertsona ikertzen ari da banku-iruzurrekin ustez zerikusia dutelakoan

Ikertuetako bat bi errekisitoria judizial indarrean zituelako ere atxilotu dute

Ertzaintza bi pertsona ikertzen ari da banku-iruzurrekin ustez zerikusia dutelakoan

Prentsa Zerbitzua

2024-01-25

Ertzaintzak eginbideak ireki dizkie bi pertsonari, banku-erakundeetako bezeroei egindako iruzurrekin ustez zerikusia dutelakoan.

Atzo gauean, Basauriko banku-bulego bateko segurtasun-langileek Ertzaintzari ohartarazi zioten bi pertsona mugimendu susmagarriak egiten ari zirela kutxazain automatikoetan. Pertsona horiek ordu eta erdi eman zuten bertan, banketxeko bezeroen dirua ateratzen saiatzen. Susmagarriek, segur aski, “smishing” izenez ezagutzen den teknika erabili zuten. Teknika horren bidez erabiltzaileei mezuak bidaltzen zaizkie erakunde zilegiaren itxurak eginez, modu horretan kontuen zenbakiak eta gakoak lortzeko eta gero dirua ateratzeko.  

Lekura agertu ziren polizia-baliabideek dokumentaziorik ez zuten bi gizon aurkitu zituzten, eta horietako batek identitate bat eman zuen agenteei iruzur egin nahian.  Benetako identitatea egiaztatu zutenean, agenteek jakin zuten bi errekisitoria judizial zituela indarrean Estatuko beste lurralde batzuetan egindako iruzurrengatik. Biei egindako prebentziozko miaketan, kopuru ezberdinetako billetetan banatuta zeuden 900 euro inguru kendu zizkieten, delituaren bidez lortutakoak zirelakoan.  

Egitate horien aurrean, susmagarrietako bat indarrean zituen errekisitoria judizialengatik atxilotu zuten eta banku-iruzurraren delituagatik ikertuko dute; eta haren laguntzaileari ikertu gisa eginbideak ireki zizkioten egitate berberengatik.  

Gomendioak

  •  Ez fidatu igorle ezezagunek bidalitako mezuez.
  • Era berean, ez da komeni erantsitako estekak klikatzea.  
  • Banku-erakunderen batetik edo beste erakunderen batetik zilegia dirudien mezu bat jasotzen baduzu, ziurtatu mezua egiazkoa den Bezeroaren Arreta Zerbitzura deituta. SMS bidez datu pertsonalak edo bankuko datuak eskatzen badizkizute, ez eman; izan ere, banku-erakundeek normalean inoiz ez dituzte sarbide-gakoak eskatzen.
  • Mezua bidali dizuna ezagutzen ez baduzu, hobe da blokeatzea.
  • Ziberdelitu baten biktima izan bazara, salatu egin behar duzu, eta zure banku-erakundearekin harremanetan jarri behar duzu.