Mahai Sektorialaren bileran, EAEko Administrazio Orokorraren ordezkaritzak gaur egun dauden langileen lan baldintzak hobetzeko proposamen sorta bat egin die sindikatuei, baina gehiengo sindikalak ez ditu onartu. Sindikatuei aurkeztutako zirriborroak lanaldi eta ordutegi eredu berri baten negoziazioa, lizentzia eta baimenen luzapena, telelanaren deialdi berri bat, karrera profesionalaren garapena eta II. Berdintasun Planaren onarpena jasotzen zituen.
Administrazioak joan den abenduan aurkeztu zien dokumentua, eta abiapuntu bat zen negoziazio prozesu bat hasteko, lan baldintzei buruzko akordio bat lortze aldera. Akordio horrek, gainera, lan baldintzak hobetzeko eta familia eta lana bateratzeko neurri puntualak jasotzen zituen, berehala aplikatzeko. Gainera, zerbitzu publikoen funtzionamendua eta herritarrentzako arreta optimizatu nahi zituen ekimen bat ere bada.
Eusko Jaurlaritzaren proposamenak honako neurri hauek jasotzen zituen:
Lanaldiak eta ordutegiak – 2024rako lanaldi ereduari dagokionez, proposamenak egungo ereduaren gaineko hobekuntzak jasotzen zituen, gaur egungo ereduak sinplifikatuz. Nahitaez egon beharreko 4 orduko tartea ezartzen zuen (9:30etik 13:30era), eta 7:30etik 17:30era lanaldia osatzeko askatasuna ematen zuen; 7 ordu edo gehiagoko lanaldi jarraitua eginez gero, 20 minutuko atsedenaldia hartzeko eskubidea ematen zuen.
Baimenak – Mugitzeko arazoak edo gaixotasun larria duten senideak artatzeko lehendik ezarrita dagoen 50 orduko baimena luzatzea ere proposatu zuen Administrazioak. Era horretan, proposatu zen baimen hori 8 urtetik beherako adingabeen zaintzara ere luzatzea, ordaindutako moduan.
Era berean, dokumentuan 50 ordura arteko baimena gehitu zitzaien administrazioan 18 urteko antzinatasuna duten 60 urtetik gorakoei. Hori lehen urratsa izango zen adina kudeatzeko plan estrategiko bat negoziatzeko, betiere belaunaldien arteko erreleboa eta ezagutzaren transferentzia errazteko.
Telelana – Administrazioaren proposamenak telelanari buruzko deialdi berri bat egitea ere jasotzen zuen, gaur egun jada lan modalitate horri heltzen diotenek zein telelanera sar litezkeen langile berriek baliatu zezaketen deialdi hori.
Proposamenak astean gutxienez bi eguneko lanaldi presentzial derrigorrezkoa planteatzen zuen, inola ere ez elkarren segidakoak. Modalitate hori urte osoan zehar luzatuko litzateke, ekainaren 15etik irailaren 15era bitarteko aldian izan ezik.
Karrera profesionala – Karrera profesionaleko sistema bat ezartzen hastea ere planteatzen zuen proposamenak, betiere garapen profesionalari eta jardunaren ebaluazioari buruzko araudi batean oinarrituta. Horrek enplegatu publikoen profesionalizazio maila eta, beraz, zerbitzu publikoen prestazioa hobetzea ekarriko zukeen.
Berdintasun Plana – Oso dokumentu aurreratua izan arren, sindikatuak Berdintasunerako Batzorde Iraunkorraren bileretara duela urtebetetik agertu ez izanak eta Mahai Sektorialean negoziatzeko benetako borondaterik ez izateak negoziazioaren blokeoa ekarri du, eta horrek eragotzi egingo du Berdintasun Plan berrian jasotako neurriak ezartzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak bultzatze aldera.
Lan Eskaintza Publikoak – Gaurko bileran, EAEko Administrazio Orokorrak bere konpromisoa berretsi du dagoeneko martxan dauden finkatze prozesuak amaitzeko. Prozesu horien plazak esleitzeko epeak 2024ko abenduaren 31n amaitzen dira. Bestalde, enplegu publikoko deialdi berriei maiztasun jakin batekin jarraipena ematea ere jasotzen du proposamenak.
Ikusirik sindikatuek uko egin diotela oinarri hauek aurre-akordio gisa adosteari esparru arautzaile berri bat edo hitzarmen kolektibo orokor bat negoziatzen jarraitzeko, Administrazioak erabaki du 2023ko Lanaldi eta Ordutegiei buruzko Zirkularraren indarraldia 2024ko abenduaren 31ra arte luzatzea. Telelanari dagokionez, Administrazioak 2024ko ekainaren 15era arte luzatuko du egungo deialdiaren indarraldia. Administrazio Orokorrak proposatutako gainerako hobekuntza neurriak indarrik gabe geratuko dira, eta ez dira ezarriko sindikatuekin akordiorik ez dagoelako.
PRUEBA La final entre Unai Laso y Peio Etxeberria se ha disputado en el…
24_0640 Donostia, hiru pertsona atxilotu dituzte etxebizitza batean sartzeagatik, leiho bat bortxatu ondoren Donostia, hiru…
PRUEBA Eximport enpresaren soluzio itsaskor eta urratzaileak duela lau hamarkadatik daude presente hainbat sektoretan,…
PRUEBA Donostiako Udalbatzak ISURI GUTXIKO EREMUA (IGE) arautzen duen ordenantza behin betiko onartu ondoren,…
PRUEBA Euskal Herriko Unibertsitatea izan da Blueskilling Innovation proiektuko partaideetako bat, eta «Atlantic…
Asteartean, azaroak 26, Euskal Herriko Unibertsitateak Errektoretzarako hauteskundeetako bozketak egingo ditu. Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa…