Nerea Melgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariarekin batera izan da gaur goizean Anjel Lekuona deportazioan hildako busturiarraren omenezko ekitaldian. Busturiako Udalak oroimenezko totem bat inauguratu du tokiko agintarien eta Txekiar Errepublikako enbaxadorearen aurrean, 2022an Stolpersteine bat jarri zen lekuan; nazien eremuetara deportatu zituzten pertsonak gogoratzen dituen galtzada-harrien mundu mailako ekimena.
Nerea Melgosak hitza hartu duenean esan duenez nazismoaren biktima guztiak gogoratzeko modu bat da hau «Anjelek bere bizitzak zapuztuta ikusi zituzten beste hainbat pertsona sinbolizatzen ditu, lehenik Gerra Zibilak eta gero II. Mundu Gerrak. Gizakiaren oinarrizko eskubideen mota guztietako urraketak jasan zituzten pertsonak, eta askatasuna eta demokrazia defendatzeagatik hil zirenak». Eta Eusko Jaurlaritzaren memoriaren politika publikoen arduradun gisa, «Anjel Lekuonaren memoriak badu, eta etorkizunean ere izango du, leku bat gure memoria kolektiboan» gaineratu du.
Gogora−Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak 2020an argitaratu zuen ikerketaren arabera, 253 euskaldun deportatu zituzten Hirugarren Reicheko esparruetara, eta horietatik 113 hil ziren. Hala ere, Melgosa sailburuak gogorarazi duen bezala, «bizirik atera zirenen artean, asko hil egin ziren hilabete edo urte gutxira, bizi behar izan zituzten muturreko baldintzen ondorioz».
Gogora Institutuak eta Busturiako Udalak ekitaldi bat antolatu zuten Anjel Lekuonaren omenez, 2022an, Stolperstein galtzada-harria jarriz herriko plazan, mundu osoan egiten den moduan, deportatutako pertsonen memoria berreskuratzeko. Anjel Lekuonari gertatutakoa, haren heriotza eta errautsen kokapena ezagutzeko familiak Hradistkon egindako ikerketa Gogora Institutuak ekitaldi horretarako bideoan[1] jasotzen da. Urte horretan bertan, Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria Pragako Strasnice hilerrira joan zen, Lekuona familiarekin batera, hiriak Hradistko kontzentrazio-esparruko biktimei eskainitako ekitaldian parte hartzeko.
Nerea Melgosa sailburuak gogorarazi duenez, «gure lana da biktima izan zirenen bidegabekeria argitara ateratzea eta haien memoria transmititzea; biktimen duintasunaren aldeko memoria, gizarte hobea, justuagoa eta memoria demokratikoagoa eraikitzeko; desberdinen arteko bizikidetza baketsua posible izango den gizartea».
Ekitaldian, Busturiako alkate Aitor Aretxagarekin eta Busturiako Udaleko zinegotziekin batera, Anton Gandarias egon da, Angel Lekuonaren iloba eta bere osabari buruzko ikerketaren egilea, beste senide batzuez gain, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otadui, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaria, Txekiar Errepublikako enbaxadore Libor Se, besteak beste.
[1] Bideo ikusteko https://youtu.be/W3CxfIpzs14?si=xVIWwhuBi5YhUU5F
24_0645 La Ertzaintza presenta en el Juzgado de Vitoria-Gasteiz a un hombre detenido por varios…
Ertzaintzako agenteek 20 urteko gazte bat atxilotu dute, joan den ostiralean, hilak 22, Eibarren hiru…
PRUEBA Nafarroako Gobernuaren Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Nafarroako Institutuak 1.25 milioi eurorekin finantzatuko du…
PRUEBA Nafarroako 2026 eta 2030 urte arteko hurrengo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak hartuko…
PRUEBA Nafarroako Gobernuko hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketarako kontseilari Begoña Alfaro…
PRUEBA 15 emakume ekintzailek hartu dute parte ‘Ekintzailetza eta emakumea: proiektu sendo eta sendoak…