Otsailaren 19tik 25era bitartean, besteak beste, gidatzeko eta atseden hartzeko denborak betetzen dituzten edo segurtasun-uhala erabiltzen den egiaztatuko dute
Ertzaintzak kamioien eta autobusen zaintza eta kontrola indartuko ditu otsailaren 19tik 25era bitartean, Euskadiko errepide-sarean istripuei aurrea hartzeko. Kanpainaren helburua da erabilera publikoko errepideetan zirkulatzeko araudi bidez ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzea.
Alde batetik, gidatzeko eta atseden hartzeko denborak kontrolatuko dituzte, baimendutako gidatze-orduak gainditzen diren eta ezarritako atsedenaldiak egiten diren egiaztatzeko. Era berean, ibilgailuen takografoek behar bezala funtzionatzen duten eta erregistroak faltsutzeko eta polizia-kontrolak saihesteko manipulatu diren zainduko dute, manipulazio hori agiri ofiziala faltsutzearen delitutzat hartzen baita.
Kamioien kasuan, baimendutakoa baino zama handiagoa daramaten eta zama ongi lotuta dagoen ere egiaztatuko dute. Autobusen kasuan, berriz, bidaiariek segurtasun-uhala jantzita duten zainduko dute.
Estíbaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera: “Zaintza- eta kontrol-kanpaina hauek istripu larriak eragin ditzaketen arau-hausteei aurrea hartzeko dira. Gainera, ibilgailu handien, hau da, kamioien eta pertsona asko garraiatzen dituzten autobusen, kasuan, ondorio larriak izan ditzakete”.
Kanpaina hau urte osoan arrisku-portaerak saihesteko gauzatuko diren trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko 38 kanpainen egutegiaren barruan sartzen da.