Josu Erkorekak eta Esther Apraizek Euskal Poliziarako 280 plazako LEP berria aurkeztu dute

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Esther Apraiz EUDELen lehendakariak gaur goizean aurkeztu dute Euskal Poliziako 280 plazako deialdi berria. Ertzaintzaren herritarren segurtasunerako oinarrizko eskalarako eta Euskadiko 21 udaltzaingo eta polizia-zerbitzuetarako plazak dira, bai eta Ertzaintzaren Trafikoko eta Bide Segurtasuneko unitateetan eta ikerketa kriminaleko taldeetan zuzenean sartzeko espezialitatea duten plazak ere.  Bihar, osteguna, otsailak 22, argitaratuko da deialdia EHAAn, eta ostiraletik, hilaren 23tik, aurrera aurkeztu ahal izango dira eskaerak. Datorren martxoaren 21era arte egongo da aktibo www.arkauteakademia.eus webgunean.

Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agenteak batera hautatu eta prestatuko dituen bosgarren prozesua da, eta, modu horretan, homologatu egiten du haien polizia-prestakuntza eta herritarrekiko arreta. Aurreko deialdietan bezala, deialdia egiten duen administrazio publikoetakoren batean lanpostuak hutsik geratzen badira, 280 plaza horien kopurua handitu ahal izango da lehiaketa-oposizioa gainditzen duten pertsonen behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunera arte.   

Ertzaintza, 225 plaza

Espezialitatedun plazak lortu nahi dituztenek, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian prestakuntza egiten dutenean, euren zereginak eta eginkizunak betetzeko behar duten berariazko prestakuntza jasoko dute.

  • Ertzaintzaren oinarrizko eskalako 5. Guztiek dute B2 hizkuntza-eskakizuna (Europako esparruan), derrigortasun-data beteta.  
  • Ikerketa Kriminala espezialitateko 140. Horietatik 112k dute B2 hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-data beteta.
  • Bide Segurtasuna espezialitateko 80. Horietatik 64k dute B2 hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-data beteta.

Udaltzaingoak, 54 plaza

Euskadiko 21 udalerritan udaltzain izateko 54 plaza dira, eta gehienek dute B2 hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-data beteta. Hauek dira deialdi honi atxikitako udalak:

  • Zornotza (2)
  • Basauri (5)
  • Bermeo (2)
  • Bilbo (2)
  • Deba (2)
  • Donostia (1)
  • Durango (4)
  • Eibar (4)
  • Erandio (3)
  • Ermua (4)
  • Getxo (1)
  • Irun (1)
  • Lasarte-Oria (3)
  • Leioa (4)
  • Mungia (1)
  • Ortuella (1)
  • Santurtzi (10)
  • Vitoria-Gasteiz (2)
  • Zalla (1)
  • Zumarraga (1)

Gainera, deialdi honetan Sondikako Udaleko Udaltzaingo Zerbitzuko agente izateko plaza bat ere eskaintzen da, eta plaza horrek ere B2 hizkuntza-eskakizuna du eta derrigortasun data beteta.  

Belaunaldien arteko erreleboa: konpromisoa beteta

Josu Erkorekak adierazi duen bezala, lehiaketa-oposizio hau XII. legealdi honetan deitzen den laugarrena da. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, 2021eko urtarriletik 2024ko otsailera bitartean, 2.124 plaza eskaini ditu, eta horietatik 1.549 Ertzaintzarako izan dira eta 575 Udaltzaingoa (81) edo polizia-zerbitzuak (17) dituzten Euskadiko 98 udaletako 53 udaltzaingoetarako.  

Horrekin, Eusko Jaurlaritzak bete egin du urtean Euskal Poliziako agenteak hautatzeko prozesu bat deitzeko Gobernu Programan hartutako konpromisoa, belaunaldien arteko erreleboa, erroldak gaztetzea eta, euskara barruan eta euskal herritarrekiko harremanetan komunikazio-hizkuntza izan dadin, agenteen euskalduntze progresiboan aurrera egitea bermatzeko.

Legealdi hau hasi zenetik, 2024ko urtarrilaren 31ra arte, Ertzaintzako eskala guztietako 1.537 agentek hartu dute erretiroa, eta 1.684 gizon-emakume sartu dira oinarrizko eskalan. Segurtasun Batzordean erabakitako 8.000 ertzaineko plantillatik 7.382 zeuden 2020ko irailean, eta, lau urte geroago, 7.765 agente daude Ertzaintzan.

Tresna baliagarria eta borondatezkoa  

Bestalde, Esther Apraizek balioetsi du LEP bateratuak oso baliagarriak direla horiekin bat egitea erabakitzen duten udalerrientzat; izan ere, hautaketa-prozesuak antolatzean baliabideak, langileak eta denbora aurrezteko aukera ematen diete eta, gainera, erabateko segurtasun juridikoa ematen diete udalei.  

EUDELen lehendakariak nabarmendu nahi izan du batez ere borondatezko tresna bat dela udalerrientzat, interesa duten udalen eskura jartzen dena eta, beraz, udal-autonomia erabat errespetatzen duena.

Berdintasunaren alde aurrera egiten  

Bestalde, lau urtetan deitu den laugarren LEP honek urrats handia eman du XII. Legealdi honetako beste konpromisoetako batean: emakumeak Euskal Polizian sartzeko bidean aurrera egitea. Berez, jauzi kualitatiboa hauteman da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian sartzen diren emakumeen ehunekoan.  

Josu Erkorekak adierazi duenez, besteak beste, Emakumeak Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente kategorian sartzeko I. Sustapen Plana 2026 izenekoan jasotako neurriak abian jarri izanari esker, une hauetan, Arkauten sartzen ari diren emakumeen ehunekoa % 37tik gorakoa da, eta sartzeko berdintasuntzat hartzen da kopuru hori % 40ra iristen denean.

Gizarteari zuzendutako komunikazio-kanpaina

Berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako hautaketa- eta prestakuntza-prozesuetan emakumeak sartzen jarraitzeko eta, horrekin batera, emakumeek Euskal Poliziaren plantilletan oraindik ere duten ordezkaritza eskasari erantzuna ematean aurrera egiteko, Eusko Jaurlaritzak gizarteari zuzendutako kanpaina berria aurkeztu du. Kanpaina horretan emakumeak dira protagonistak, bai eta orain arte oso maskulinizatuta egon den lanbide bateko erreferenteak ere.