Ertzaintzako agenteek 29 urteko gizon bat atxilotu dute, Antzuolan beldurra erabiliz egindako lapurreta eta lesio delituak leporatuta. Dirudienez, atxilotua balkoi batetik sartu zen etxe batean eta labana batekin mehatxatu zuen bertan bizi den bikote edadetu bat, lapurreta egiteko eta eskuak lotzeko helburuarekin. Biktimetako batekin indarka aritu ondoren, ihes egin zuen.
Gertakariak joan den ostiralean, hilaren 16an, eguerdiko hamabiak aldera izan ziren Antzuolako etxebizitza batean. Bikotea etxe barruan zegoela, bat-batean txanoa eta maskara jantzita zeramatzan gizon bat sartu zen balkoi batetik. Gizonak labana batekin mehatxatu zituen eta zeukaten urre guztia emateko esan zien. Biktimek emandako informazioaren arabera, brida batzuk erakutsi zizkien eta gela batera eraman zituen bertan eskuak lotzeko asmoarekin. Etxeko gizonak aurre egin zion lapurrari eta biak borrokan hasi ziren. Inplikatuak aipatutako balkoitik ihes egin zuen telefono mugikor bat hartuta eta beldurtzeko erabilitako labana bertan utzita.
Biktimak kontusio bat izan zuen buruan borrokan ari ziren bitartean, eta osasun-zentro batean artatu behar izan zuten.
Gertatutakoaren berri izan zutenean bertaratu ziren Deba Urolako Ertzain-etxeko patruilek, lehenengo ikerketen ondoren, zehaztu ahal izan zuten ustezko lapurrak, etxetik irten zenean, auto batean, bidaiariaren lekuan, sartu eta ihes egin zuela. Handik minutu batzuetara, auto hori, motorra oraindik bero zuela, Zumarragan aparkatuta aurkitu zuten.
Ikerketaz arduratu ziren agenteek atzo, ostirala, atxilotu zuten ustezko lapurra, etxe batean beldurra erabiliz egindako lapurreta eta lesio delituak leporatuta. Emakume bati ere eginbideak ireki dizkiote, ikertu gisa, atxilotu duten gizonak ihes egiteko erabili zuen autoaren gidaria izan litekeelakoan.
Atzo goizean bertan, polizia-eginbideak amaitu ondoren, atxilotua Bergarako Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri zuten.