Lankidetzarako eta Elkartasunerako Lege berria indarrean jarriko da

Testuak dei egiten die euskal gizarteari eta erakunde guztiei beren gaitasunak eta baliabideak jar ditzaten erronka globalen zerbitzura, Hegoaldeko eragileekin elkarlanean; horien artean, hedabideei, unibertsitateei edo erakunde feministei

Lankidetzarako eta Elkartasunerako Lege berria bihar, martxoak 1ean, jarriko da indarrean, gaur Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren. Araua nabarmentzen da erakundeek, gizarte eragileek eta Eusko Legebiltzarrak lortutako adostasunagatik nabarmentzen da, eta euskal lankidetzaren eta elkartasunaren ikuspegi bateratuaren eta partekatuaren emaitza da.

Lortutako adostasuna lege berria egiteko prozesuaren isla; izan ere, askotariko eragileek parte hartu zuten, hala nola euskal administrazio publikoak zein estatukoak, Euskadiko GGKEen Koordinakundea, zentro teknologikoak, erakunde feministak, LGTBI+ kolektiboak, pertsona migratuen elkarteak, Nazio Batuetako agentziak edo hezkuntza arloko eragileak.

Berrikuntza nagusiak

Erantzunkidetasuna eta askotariko maila instituzional eta sozialaren arteko aliantzak sustatzeko, lege berriak dei egiten die euskal gizarte osoari eta bertako erakundeei, Hegoaldeko eragileekin batera, beren gaitasunak eta baliabideak giza garapenaren, justizia globalaren, demokraziaren, giza eskubideen eta bakearen zerbitzura jartzera.

Alorreko erakunde eta gizarte eragileez gain, unibertsitateak, hedabideak eta kolektibo feministak aipatzen diren eragileetako batzuk dira.

Berrikuntza nagusien artean dago, euskal sektore publikorako –Eusko Jaurlaritza, hiru Forua Aldundiak eta Udalak− esparru komun bat ezartzen duela. Era berean, testuak garapen iraunkorrerako politiken koherentzia txeratzen du helburu bikoitzarekin: alde batetik, administrazioek beren politikek Hegoaldeko herrialdeetan eta etorkizuneko belaunaldietan izango dituzten eraginak aintzat hartu beharko dituzte, eta, bestetik, erakundeen arteko koordinazio eta lankidetza mekanismoak sortuko dira.

Lankidetzako ekimenen kudeaketa hobetzeko eta lankidetzan aritzen den herrialdeetako errealitateetara egokitzeko, legeak arau bereziak eta berariazko prozedurak ezartzen ditu. Horrela, kudeaketa arinagoa eta sinplifikatuagoa egingo da.

Gainera, legeak jasotzen du Euskal sektore publikoak helburu duela errenta nazional gordinaren % 0,7 garapenerako laguntza ofizialera bideratzea.

Helburuak

Legearen helburuak dira giza garapen eta jasangarritasuna bultzatzea; pobrezia eta bazterketa eragiten duten egiturazko kausak eraldatzea; desparekotasunen aurka borrokatzea, eta giza eskubideen eta justizia globalaren alde, eta gizarte askeak, demokratikoak, baketsuak eta inklusiboak sustatzea. Gainera, bilatzen du gizartean balio aldaketak egotea eta helburu horiek lortzeko gizarte mobilizazioa bultzatzea.

 Azkenik, testu berriak Euskadiko zein Hegoaldeko gizarte erakundeak indartzea ere du helburu.