Apirilaren 21eko hauteskundeetan parte hartuko duten hautagai-zerrendak aurkezteko epea ireki da

Gaurtik, martxoaren 13tik, aurrera, alderdi politikoek, koalizioek eta hautesle-elkarteek datorren apirilaren 21eko hauteskundeetarako zerrendak aurkez ditzakete hiru lurralde historikoetako hauteskunde-batzordeetan. Zerrendak aurkezteko epea datorren astelehenera, martxoaren 18ra, arte egongo da zabalik, eta, irregulartasunen bat izanez gero, hauteskunde-batzordeek jakinarazi beharko dute martxoaren 22tik 24ra bitartean zuzentzeko. Okerrak zuzentzeko epe hori amaitzen denean, astelehenean, martxoaren 25ean, hauteskunde-batzordeek behin betiko hautagai-zerrendak aldarrikatuko dituzte, eta, hurrengo egunean, martxoaren 26an, argitaratuko dira EHAAn, ofizialak izan daitezen.

Berdintasuna hautagai-zerrendetan ere

Emakumeak gutxienez % 50 izango dituzten hautagai-zerrenak bakarrik aldarrikatuko dira, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Euskadiko araudiak ezartzen duenari jarraituz.

Plantxa bakoitzak lurralde historiko bakoitzeko 25 pertsona izango ditu. Era berean, alderdi politikoek, koalizioek edo hautesle-elkarteek gutxienez hiru eta gehienez bost ordezko ere gehitu beharko dituzte.  Hautagai-zerrendak inskribatzeko, hauteskunde-araudian zehazten den dokumentazioa aurkeztu behar da, eta inprimakiak formatu elektronikoan eta editagarrian daude eskuragarri Eusko Jaurlaritzaren webgunean. Bertan adierazi behar dira:

  • Hautagai-zerrendaren izena, siglak eta identifikazio-ikurra. Item horiek ezingo dira aldatu hauteskunde-prozesua garatzen den bitartean.
  • Hautagaien eta ordezkoen izen-abizenak, helbide zehatza eta zerrendan izango duten ordena.
  • Hautagai-zerrendako lurralde-ordezkariaren izen-abizenak, Lurralde Historikoko hiriburuan helbidea duena.
  • Hautagai-zerrendaren parte izatea onartzen dutela egiaztatzeko dokumentua, hautagai eta ordezko bakoitzak sinatua, eta hautagaiak Euskal Autonomia Erkidego osoan zerrenda bakarrean parte hartzen duela aitortzeko adierazpen formala.
  • Hautagaia indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde-erroldan inskribatuta dagoen dioen egiaztagiria.

Hauteskunde-prozesua

Eusko Jaurlaritzak joan den otsailaren 27tik –hau da, deialdiaren dekretua EHAAn argitara eman zen egunetik– abian eta herritarren eskura du hauteskundeen webgunea, eta bertan dago jasota apirilaren 21eko hauteskunde-prozesuari buruzko informazio guztia. Atariak prozesuaren kronologiari buruzko informazio-bolumen handia, prozesu horren lege-esparrua, boto presentzialaren eta posta bidezko botoaren prozedurak, hautesleentzako eta hauteskunde-mahaiak osatzera deitutakoentzako gidak, galde-erantzunak, inprimaki elektronikoak, eta abar eskaintzen ditu.