Ertzaintzak, Bilboko Udaltzaingoaren laguntzaz, bost gazte atxilotu ditu eta ikertu gisa eginbideak ireki dizkie beste 24 pertsonari, Irala auzoan liskar iskanbilatsu batean parte hartzeagatik; liskarrean arma zuriak eta objektu arriskutsuak erabili zituzten. Borrokaren ondorioz, bi pertsona zauritu ziren eta ospitalean artatu behar izan zituzten.
Ertzaintzak jakin zuen Eibarko eta Bilboko bi gazte taldek sare sozialen bidez hitzordua jarri zutela atzo, igandea, Bizkaiko hiriburuan, Irala auzoan, futbol-partida bat jotzeko. Dirudienez, kirol-norgehiagoka amaitu zenean, arratsaldeko zortziak aldera, bi taldeak elkarri eraso egiten hasi ziren, arma zuriak eta bestelako tresna arriskutsuak erabiliz. Borrokaren ondorioz, hainbat pertsona zaurituta geratu ziren eta horietako bi Basurtuko ospitalera eraman zituzten.
Lekura agertu ziren Ertzaintzaren dotazioek bost gazte, 15 urtetik 19 urtera bitartekoak, atxilotu zituzten lesio-delitua leporatuta, eta beste 24 pertsonari, ikertu gisa, eginbideak ireki dizkiete liskar iskanbilatsuagatik.
Atxilotuak polizia-egoitzara eraman zituzten gero, zegozkion izapideak egin eta, horiek amaitzean, agintari judizialaren eskuetan jartzeko.