Datorren apirilaren 21eko hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten pertsonak izendatzeko zozketak hasiko dira

Martxoaren 21etik 25era bitartean egingo dira Euskadiko udaletxeetan, eskualdeko hauteskunde-batzordeek gainbegiratuta, datorren apirilaren 21eko hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten pertsonak hautatzeko zozketak. Mahaikide izatea egokitzen zaienek martxoaren 22tik 28ra bitartean jasoko dute jakinarazpena, eta martxoaren 23tik apirilaren 04ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte aitzakia-alegazioak eskualdeko Hauteskunde Batzordean.

Eusko Legebiltzarrerako datozen hauteskundeetan 2.700 mahai inguru izango dira: 428 mahai Araban, 1.411 Bizkaian eta 859 Gipuzkoan. Mahai bakoitza hiru pertsonak osatuko dute: lehendakariak eta bi bokalek, eta, gainera, zeregin horietako bakoitzeko bi ordezko zozketatuko dira. Horrela, ia 24.300 pertsona (8.100 titular eta 16.200 ordezko) deituko dituzte datorren apirilaren 21eko hauteskunde-mahaiak osatzera.

Konpromiso soziala

Erroldatuta dagoen 70 urtez azpiko edozein pertsonari egin ahal izango zaio mahai bateko kide, titular edo ordezko, izateko deia, eta nahitaezkoa du agertzea hauteskunde-batzordeek onartu behar dituzten balioko arrazoiak eta dokumentatuak alegatzen ez baditu. Hauteskunde-egunean arrazoi justifikaturik gabe ez agertzea delitu da, eta espetxealdia edo isuna ekar dezake.

Salbuesteko balioko arrazoien artean, esate baterako honako hauek nabarmentzen dira: gaixorik edo ospitaleratuta egotea, itsasoan lanean izatea, hautaezina izatea, haurdunaldian seigarren hilabetetik aurrera edo amatasun-atsedenaren aldian egotea, edo bederatzi hilabetera arte haurra edoskitzen aritzea.

Jarraibideak

Mahaikide bakoitzak 85€ jasoko ditu eta Gizarte Segurantzaren Sistemaren babes osoa izango du. Gainera, bere zereginak betetzeko Hauteskunde-mahaiko kideentzako jarraibideen eskuliburu bat ere jasoko du, eta jarraibide nagusiak laburbiltzen dituen 5 minutuko dibulgazio-bideo bat kontsultatu ahal izango du.

Mahaiko kide izatea egokitu zaion pertsonak ulertzeko zailtasunak baditu, Eusko Jaurlaritzak eta APNABI – Autismo Bizkaia elkarteak eskuliburuaren irakurketa errazeko bigarren bertsio bat prestatu dute herritar guztien autonomia eta irisgarritasuna bermatzeko. Helburu nagusia da adimeneko dibertsitate funtzionala duten pertsonen inklusioan aurrera egitea, zenbaitetan ulertezina izan ohi den lege-hizkuntza jende guztiak ulertzeko moduan erabiliz, baina zehaztasuna galdu gabe.

Hauteskunde-mahaiaren eskumenak

Hauteskunde-mahaia arduratzen da bozketa zuzentzeaz, botoak hartzeaz, boto-kontaketa egiteaz eta hauteskunde-egunean hauteskunde-legea betetzen dela zaintzeaz. Hauteskunde-mahaia osatzeko izendatutako pertsonek –titularrek eta ordezkoek— goizeko 8:00etan joan behar dute bozketa-egunean hauteslekura mahaia eratzeko. Mahaia eratzen denean, 9:00etan, hauteskunde-mahaiak, besteak beste, bozkatzera agertzen den hautesle bakoitza identifikatuko du eta hautesle-erroldan inskribatuta dagoela egiaztatuko du.

Bozketa amaitzen denean, arratsaldeko 20:00etan, posta bidezko botoak ireki eta hautetsontzian sartuko ditu. Ondoren, mahaiko kideek eta horretarako eskubidea duten artekariek bozkatuko dute, eta jarraian, berehala, boto-zenbaketa hasiko da. Azkenik, pertsona horien lana amaituko da emaitza eta dokumentazioa epaitegian entregatzen dutenean.