Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak farmazien eta Osakidetzako osasun-zentroen arteko komunikazio-zerbitzu berri bat jarri du abian, e-rezeta izeneko Euskadiko errezeta elektronikoko sistemaren bidez. Sistema horrek aukera emango die farmazialariei pazientearen tratamenduaren inguruan garrantzitsuak izan daitezkeen behaketak medikuei eta erizainei helarazteko.
Martxoan hasi den proiektu hau Osakidetzako ESI guztietan aldi berean garatuko da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako farmazialarien elkargoekin eta Euskadiko Farmazialarien Kontseiluarekin lankidetzan. Aurrerago, ebaluazio bat egingo da, Euskal Osasun Zerbitzu Publikoko lehen mailako arretako unitate eta farmazia guztietara hedatzeko.
Esparru horietako profesionalen arteko komunikazioa indartzera bideratutako proiektu aitzindaria da, eta funtsezko elementua pazienteen segurtasuna handitzeko eta asistentzia-kalitatea hobetzeko. Zehazki, farmazialariek arinago kudeatu ahal izango dituzte farmazia-bulegoaren eguneroko jardunean gertatzen diren urgentziazko gorabeherak, eta Osakidetzako profesionalei jakinarazi ahal izango dizkiete garrantzitsutzat jotzen dituzten tratamenduari buruzko gogoetak: tratamenduekiko atxikimendua, bikoiztasunak, botiken interakzioa, etab. Ohar horiek e-rezetaren sisteman idatzita jasoko dira, eta, hala badagokio, Osakidetzaren historia kliniko elektronikoan txertatuko dira.
Ekimen hau Osasun Sailaren eta Osakidetzaren konpromiso eta ildo estrategikoen barruan kokatzen da; horien artean, besteak beste, farmazia-bulegoak Euskadiko Osasun Sisteman osasun-agente gisa integratzeko helburua dago.
Sistema hori ezartzeko, prestakuntza-plan bat garatu da parte hartzen duen Lehen Mailako Arretako Unitate bakoitzean. Unitateak hauek dira:
ARABAN.- Arabako ESIa: Zaramaga Osasun Zentroa. Arabako Errioxa ESIa: Navaridas, Bilar, Eltziego, Lapuebla de Labarca, Leza, Eskuernaga, Guardia, Lantziego, Moreda Araba, Iekora, Samaniego, MaƱueta, Kripan, Labraza, Binasperi eta Gorrebusto.
BIZKAIAN.- Barrualde-Galdakaoko ESIa: Etxebarri Osasun Zentroa Bilbo-Basurtoko ESIa: Larreagaburuko Osasun Zentroa. Barakaldo-Sestaoko ESIa: Bakeako Osasun Zentroa. Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIa: Buenavistako Osasun Zentroa. Uribeko ESIa: Alangoko Osasun Zentroa.
GIPUZKOAN.- Debagoieneko ESIa: Bergara, Antzuola eta Elgeta. Debabarreneko ESIa: Elgoibar, Mendaro eta Soraluze. Goierri-Urola Garaiko ESIa: Lazkao, Olaberria eta Ataun. Tolosaldeko ESIa: Andoaingo Osasun Zentroa. Donostialdeko ESIa: Zarautz, Orio eta Aia. Bidasoko ESIa: Hondarribiko Osasun Zentroa.