Categorías: albisteak-berriak

Dbizi-k Geltoki+ aurkeztu du, bizikleta elektrikoak aparkatzeko sistema berria

Helmugako geltoki jakin batzuk beteta daudenean erabili ahal izango da funtzionalitate berri hori

Dbizik, Donostiako bizikleta sistema publikoak, Geltoki+ abian jarriko du. Dbizi sistemaren funtzionalitate berri bat da, eta bere helburua da herritarrei kalitatezko zerbitzua eta beraien beharretara egokitutakoa ematen jarraitzea. Funtzionalitatea apirilaren 2tik aurrera egongo da erabilgarri.

Hala, Dbizik aparkaleku gehiago eskainiko ditu bere 11 geltoki periferikoenetan, giltzarrapo adimenduneko sistema baten bidez. Giltzarrapo adimendunen sistema hori geltokiak beteta daudenean erabili ahal izango da.

Gaur goizean aurkeztu da sistema, eta, bertan, Mugikortasuneko eta Garraio Jasangarriko zinegotzi Olatz Yarzak hau nabarmendu du: “Dbizi sistema gaur egun herritarrek asko baloratzen eta erabiltzen duten zerbitzua da, eta, beraz, Geltoki+ funtzionalitatea ezarri nahi izan dugu, erabiltzaileen harrera on horri erantzuteko”. Horrez gain, hau ere esan du: “Etengabe ari gara lanean hobekuntzak bilatzen, bizikleta hiritik ibiltzeko lehentasunezko garraio gisa erabiltzea bultzatzen jarraitzeko”.

Geltoki+

Bizikleta elektrikoen atzeko gurpilean giltzarrapo adimendun bat jartzea izango da, berez, Dbiziren funtzionalitate berri hau ahalbidetuko duen sistema (bizikleta mekanikoetan ez da eskuragarri egongo). Izan ere, sistema horri esker, bizikletak aparkatzeko berariaz definitutako lekuetan aparkatu ahal izango da. Leku berezi horiek Dbiziko geltoki jakin batzuen inguruan kokatuta egongo dira, eta Dbiziko geltoki horietako aparkaleku guztiak beteta daudenean baino ezingo dira erabili.

Geltoki horiek Geltoki+ izenez ezagutzen dira, eta hiriaren erdigunetik urrunen dauden eta/edo hiriaren goialdeetan dauden auzoetako batzuetan egongo dira, auzo horietan Dbiziko geltokien arteko distantzia handiagoa baita. Horrela, beste aukera bat eskaintzen zaie helmugako geltokia beteta aurkitu eta hurbilen duten beste geltokia urrun samar geratzen zaienei.

Geltoki horietan arkua duten aparkalekuak jarriko dira bizikletetarako, eta aparkaleku horiek lokailu batzuk izango dituzte bizikletaren giltzarrapora lotzeko. Bizikleten aparkaleku horiek erraz identifikatu ahal izango dira, izan ere, kolore berdez margotuta daude, aparkaleku arruntetatik bereizteko.

Aparkatzeko prozesua

Bizikleta bat Geltoki+ batean aparkatzeko prozesua oso erraza eta intuitiboa da. Dbiziren appak Geltoki+ funtzioa aktibatuko du erabiltzailea Dbiziko geltoki horietako batera hurbiltzen denean, eta hura beteta dagoenean. Erabiltzailea Geltoki+ geltokira hurbildu beharko da, eta bizikletaren giltzarrapoa aparkalekuko arkuaren kableari lotu. Giltzarrapoa behar bezala itxita dagoenean, bidaia behar bezala amaitu dela jakinaraziko du aplikazioak.

Bizikleta Geltoki+ geltokietatik kanpo aparkatzen saiatuz gero (kalean, zerbitzu hori ez duten geltokietan), edo horietan aparkalekuak libre badaude, giltzarrapoa itxi egingo da, eta Dbiziren appak leku horretan aparkatzerik ez dagoela jakinaraziko du; beraz, erabiltzaileak 2 minutu izango ditu bizikleta desblokeatzeko eta baimenduta dagoen leku batean aparkatzeko. Erabiltzaileak jarraibideei jarraitzen ez badie, sistemak bizikleta blokeatuko du, baita erabiltzailearen kontua ere.

Erabiltzaileei laguntza handiagoa emateko, Dbizik bideo batzuk argitaratuko ditu bere web orrian (www.dbizi.eus), funtzionalitate berri hori azaltzeko. Era berean, abonatu guztiek mezu elektroniko bat jasoko dute, sistema berriari buruzko informazio zehatzarekin.

Geltoki+ batean aparkatu ahal izateko bizikleta elektrikoek ezinbestez behar duten giltzarrapoa martxoan hasi da jartzen, eta jada 125 bizikletak dute instalatuta giltzarrapo hori. Aurreikusita dago ekainerako bizikleta elektriko guztiek aukera berri hori izango dutela.

Giltzarrapo adimendun berri horiek Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren (MITMA) Next GenerationEU funtsen bidez finantzatu dira.

Geltoki+ berrien kokalekuak

Geltoki+ berriak geltoki hauetan egongo dira, eta, geltokiaren arabera, giltzarrapoa duten 6-12 bizikleta elektriko aparkatzen utziko dute:

  • Añorga+: 4 arku izango ditu, eta gehienez 8 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
  • Buenavista+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
  • Herrera+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
  • Zubiaurre+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
  • Nornahi+: 3 arku izango ditu, eta gehienez 6 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
  • Atarizar+: 3 arku izango ditu, eta gehienez 6 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
  • Munto+: 6 arku izango ditu, eta gehienez 12 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
  • Andoain+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
  • Tranbia+: 3 arku izango ditu, eta gehienez 6 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
  • Urbia+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
  • Bartzelona hiribidea+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

2024/03/25-an argitaratua

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Emakume bat atxilotu dute Azpeitiko supermerkatu batean produktuak lapurtzeagatik, langile bati eraso egiteagatik eta ihes egiteagatik

Ertzaintzak emakume bat atxilotu du Azpeitiko supermerkatu batean salgaiz betetako orga bat adingabe batekin batera…

12 horas hace

Gidari bat hil da AP-68 autobidean, Erriberagoitian (Araba), izandako zirkulazio-istripu batean

25_0007 Gidari bat hil da AP-68 autobidean, Erriberagoitian (Araba), izandako zirkulazio-istripu batean Gidari bat hil…

1 día hace

Ertzaintza 84 urteko emakume baten indarkeriazko heriotza ikertzen ari da Barakaldoko etxebizitza batean, eta biktimaren semea atxilotu du

25_0006 Ertzaintza 84 urteko emakume baten indarkeriazko heriotza ikertzen ari da Barakaldoko etxebizitza batean, eta…

1 día hace

Bizkaitarrek nota altua eman diote gure lurraldeko bizi-kalitateari eta jarrera positiboa dute etorkizunari begira

Herritarrek «oso ondo» nota eman diote gure lurraldeko bizi-kalitateari; zehazki, 7,79 puntu eman dizkiote 10etik eta,…

1 día hace

Bizkaiak 700.000 euro laguntzetara bideratzea onartu du, adinekoen elkarteak ahalduntzeko eta komunitate lagunkoiak sustatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak 700.000 euro inguru bideratuko ditu 2025ean zahartze aktiboa bultzatzeko, adinekoen elkarteen dinamismoa…

1 día hace

Bizkaiko Foru Aldundiak Etxegokiren finantzaketa berrituko du 2026ra arte 3,8 milioi euro baino gehiagorekin

Bizkaiko Foru Aldundiak berritu egin du Etxegokirekin duen konpromisoa —Etxegoki foru-zerbitzu bat da, apartamentuak eskaintzen…

1 día hace