Euskal Y-aren ingurumen-portaera aztertu dute bizi-zikloaren analisiaren metodologia erabiliz, alegia, eraikuntza-fasean eta mantentze-lanetan ere eragiten diren ingurumen-inpaktuak kontuan hartuta. Emaitzen arabera, linea horrek ez du nahikoa ahalmen izango klima-aldaketa arintzeko eta energia-kontsumoa eta beste ingurumen-inpaktu batzuk murrizteko. Lortutako emaitzak eta metodologia erabilgarriak izan daitezke beste AHT batzuk edota beste garraiobide batzuen azpiegiturak aztertzeko.
2050erako karbonotan neutro izateko helburua ezarri du Europar Batasunak. Ildo horretan, klima-aldaketa arintzeko gako dira garraio-politikak; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, berotegi-efektuko emisioen herena eragiten du garraioak. Ingurumen-helburu horiek lortzeko oso lagungarri izan daitekeen garraiobide gisa aurkeztu izan da AHTa. Madril eta EAE arteko abiadura handiko trenaren euskal Y-a esaten zaion lineak merkantziak eta bidaiariak garraiatzeko linea mistoa izatea du helburu, ohi ez bezala, eta mugikortasun jasangarriago bat lortzeko funtsezkoa dela esaten da.
Euskal Herriko Unibertsitateko Ekopol ikerketa-taldeko kideek euskal Y-aren bizi-zikloaren analisia egin dute linea horrek bere bizitza erabilgarri osoan izango duen ingurumen-portaera ebaluatzeko. “Askotan, ez dira kontuan hartzen azpiegiturak eraikitzeak eragiten dituen ingurumen-kargak. Esan ohi da AHTak ingurumen-kargak murriztuko dituela, trena elektrikoa delako, baina ez da kontuan hartzen eraikitzeko fasean sortzen diren karga guztiak”, adierazi du Andoni Kortazar UPV/EHUko Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saileko irakasleak. Azpiegiturak eraikitzeko erabiltzen diren lehengaiak eskuratzeko unetik bertatik proiektua amaitzen den arteko inpaktu guztiak kontabilizatu dituzte: “Meategien ustiaketa, eraikuntza-fasea, mantentze-lanak, operazio-fase osoa… Bizi-ziklo osoa hartu dugu kontuan”, erantsi du.
Euskal Y-ak energia-kontsumoa murrizten, klima-aldaketa arintzen eta EBk ezarritako emisio-helburuak betetzen lagundu dezakeen egiaztatzeko, eskura dauden azken datu eguneratuetan oinarritu dira: “Proiektuaren trazadura osoa aztertu dugu, metroz metro. Besteak beste, tunelen eta biaduktuen luzerak neurtu eta dagozkien koefizienteak aplikatu dizkiegu; eta, bestalde, operaziorako administrazioak, Adif-ek eta Eusko Jaurlaritzak ematen dituzten garraio-estimazioei ere dagozkien koefizienteak aplikatu dizkiegu. Hala, jakin ahal izan dugu proiektu honek zenbat urte beharko lituzkeen ingurumen-onurak eragiteko”, azaldu du ikertzaileak.
AHTa hedatzeko beharra birplanteatzeko eskaera
Emaitzek erakutsi dutenez, eraikuntza-fasean eragindako inpaktuak AHTaren beste linea batzuen aldean oso gainetik daude, batetik, eskualdearen orografia menditsuaren ondorioz, baliabide- eta energia-kontsumo handiagoa behar duten azpiegitura konplexuagoak eraiki behar baitira, eta, bestetik, garraio eskari baxuagatik. Ikertzaileek adierazi dutenez, “korridore berri hau ez dago justifikatuta emisio-murrizketei eta energia-kontsumoari erreparatuz. Gainera, eragin hutsala izango du Espainian gaur egun dagoen tren bidezko merkantzien garraio baxuan”. Izan ere, Espainiako AHTaren sareak bidaiariak baino ez ditu garraiatzen, eta Frantziako merkantzien garraiorako konexioa ez da prest izango 2037 baino lehen.
Aurreikusita dago linea 2030ean ustiatzen hasten denean bidaiari-eskaria 5,8 eta 3,3 milioi artekoa izatea; “munduko beste AHTen eskaria baino nabarmen txikiagoa da hori”, adierazi dute. Hala, euskal Y-aren lineak ez du izango ingurumen-onurarik emateko adinako bidaiari-garraiorako eskaririk. Alegia, “euskal Y-rako aurreikusitako garraio-eskaria ez da behar bestekoa, energia-kontsumoa eta emisio atmosferikoak murrizteari dagokionez azpiegitura osoaren eraikuntza justifikatzeko”, diote ikertzaileek.
Beraz, “Espainiak bere AHTa hedatzeko beharra birplanteatu beharko luke —ondorioztatu dute ikertzaileek—. Euskal Y-ak ez du nahikoa ahalmen izango klima-aldaketa arintzeko eta energia-kontsumoa eta beste ingurumen-inpaktu batzuk murrizteko. Ingurumen-krisi globaleko testuinguru batean, proiektu honek egora hobetu beharrean okertu ere egin dezake”.
24_0705 Ertzaintzak eta Erandioko udaleko udaltzaingoek prebentzio-neurriak hartzen jarraitzen dute aisialdirako lokalen inguruan Ertzaintzak eta…
Durante esta madrugada la Ertzaintza ha detenido en la capital vizcaína a dos jóvenes de…
24_0703 Gizon bat hil da zirkulazio-istripuan A-124 errepidean, Lantziegon Gizon bat hil da zirkulazio-istripuan A-124…
24_0702 Un preso intenta evadirse del centro penitenciario de Martutene Un preso intenta evadirse del…
24_0701 Adingabe bat atxilotu dute Bilbon, beste gazte bati hankan sastada bat emateagatik Biktima larri…
24_0700 Zerbitzuz kanpo zegoen ertzain batek lapur bat atzeman du Bilboko bitxi-denda batean lapurtzeagatik Zerbitzuz…