Eusko Jaurlaritzak 30.000 eurorekin lagunduko ditu euskararen eta genero-berdintasunaren arloko ikerketa-lanak egiteko lau beka

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak sustatzen ditu “Berdintzen” bekak euskararen eta genero-berdintasunaren arloko ikerketa-lanak bultzatu eta  generoa eta hizkuntza gurutzatzen dituen ezagutza-esparrua osatu eta indartzeko helburuarekin. Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2024ko deialdia. Guztira 30.000 euro bideratuko dira lau ikerketa-lan sustatzera, hau da, 7.500 euroko lau beka emango dira.

Honako hauek izan beharko dira ikerketa-gaiak:

  • Hizkuntza gutxituaren biziberritze prozesuak generoari lotuta ulertzeko ikerketa teoriko edo-eta metodologiko demolinguistikoak.
  • Generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren hizkuntza gutxituaren biziberritze prozesuei buruzko ikerketa aplikatuak.
  • Generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpus, komunikazio edo-eta diskurtso azterketak eremu ezberdinetan (hezkuntza, lan mundua, familia, aisialdia eta kirola…).
  • Hizkuntza gutxituaren biziberritzean emakumeek izan duten paperari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea baliatuz edo-eta ikerketa bibliografikoak eginez).

Proiektuak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, gaur onartutako Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ondoren, hautaketa-batzorde batek proiektuak aztertu eta bekak esleituko ditu.

Iazko deialdian bi ikerketa lan hauek jaso zuten beka:

  • Euskaraz sarean garatzen den mezu feministaren analisia: gaiak, eztabaidak eta ikusgarritasuna (Maider Eizmendi, Simon Peña, Ainara Larrondo, Ainhoa Novo eta Julen Orbegozo)
  • Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa (Jon Martin).