Categorías: albisteak-berriak

Gladys Sarira hautagaitzak aurkezteko epea ireki da

PUNTUEUSek eta Euskal Herriko Uniberstitateko Informatika Fakultateak antolatuta Gladys Sariaren laugarren edizioa aurkeztu da gaur Donostian. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren babesa, eta Danobatgroup industria-taldearen eta UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntza du ekimenak.

Laugarren edizio hau aurkezten izan dira Olatz Arbelaitz UPV/EHUko Informatikako Fakultateko Berdintasun Batzordeko kidea, Lorea Arakistain PUNTUEUSeko marketin-zuzendaria, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko foru zuzendaria eta Idoia Bustinduy Danobatgroup industria-taldeko komunikazio-arduraduna.

IV. edizioa du Gladys Sariak eta erreferente bilakatu da da euskal ingurune digitalean lan egiten duten emakume gazteen aitortzan. Izan ere, neska gazteak ibilbide teknologikoari ekitera animatzea du helburu, horrela euskal erreferente berriak sortuz. Hautagaitza irabazleak, gainera, 4.000 euroko diru-saria jasotzen du.

Olatz Arbelaitzek azaldu du sektorean emakumezko erreferente berriak sortzearen garrantzia: “Gladys del Estal sariak mundu digitalean diharduten eta oso profil desberdina duten hiru emakume puska saritu ditu orain arte eta ondorioz, hiru erreferente berri ezagutarazi ditugu gizartean. Baina ez dira nahikoa. Askoz erreferente gehiago behar dira oraindik gizarte osoak izan dezan sektorean aritu daitezkeen profil anitzen berri eta esparru digitaleko lanbideak neskato gazteentzat ere erakargarri izan daitezen.”

Hautagaitza gehiago jasotzea helburu

Aurkeztu berri den edizio honetan ahalik eta hautagaitza gehien jaso nahi dira. Gladys Sarirako hautagaitza norberak aurkeztu dezake edo hirugarren bat proposatu daiteke. PUNTUEUSeko Lorea Arakistainek azaldu duenez, “sarritan, balizko hautagaiek ez dute sinisten sarirako egokiak izan daitezkeenik. Horregatik, hirugarrenen hautagaitzak proposatzeko bidea erraztu dugu, izan ere, Gladys Sarirako aproposak izan daitezkeen emakumeak pentsa baino gertuago ditugu.” Ingurune digitalean diharduten gertuko emakume gazteen inguruan hausnartzera gonbidatu du Arakistainek: “ziur nago denori bururatzen zaigula norbait”.

Balizko hautagaiak bere burua sarira aurkezteko izan ditzakeen barreren aurrean, hautagaiak proposatzeko bidea erraztu da. Norbait proposatzeko nahikoa izango da hautagaiaren izen-abizenak eta harremanetarako datuak ematea eta labur azaltzea hautagaia Gladys Sarira aurkeztearen arrazoia.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, Nerea Isasik, Euskal Herriko emakume informatikarien lana azpimarratu du: “emakume informatikariak lan eredugarri eta berritzailea ari dira egiten Euskal Herrian eta Gladys Sariak aukera ezin hobea eskaintzen du ahalegin horri proiekzioa eta balioa emateko.”

Gainera, etorkizun digitala eta berdinzalea lortzera bidean, emakume belaunaldi berriak zientziara eta teknologiara erakartzearen garrantzia nabarmendu du: “ereduak eta inspirazioa eskaini behar dizkiegu neska eta emakume gazteei.”

Arbelaitzek ere etorkizunari begiratu dio: “baliteke azken 30 urteetako inertziari buelta ematen hasiak izatea baina prozesua geldoa da eta oraindik lan asko dugu egiteko horretan.”

Hautagaitzak aurkeztea

Ingurune digitaleko edozein arlotan ari diren eta 2024an 40 urte gehienez dituzten emakumezkoek parte hartu ahalko dute. Izena emateko epea 2024ko ekainaren 20a arte egongo da zabalik. Nork bere burua aurkez dezake sarira edo hirugarren batek proposa dezake hautagaia. Kasu bakoitzean, dagokion inprimakia betez aurkeztu behar da www.gladyssaria.eus webgunean.

Gladys Saria PuntuEUS Fundazioa eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak sortu zuten 2021ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren, UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren eta Danobatgroup industria-taldearen babesarekin. Iazko edizioan, baldintza guztiak betetzen zituzten 28 hautagaitza ebaluatu zituen epaimahaiak, ordura arteko parte-hartzerik altuena.

Gladys Sariari buruz

Gladys del Estal informatikariaren izena daraman sariaren helburua ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferente berriak sortu eta haien lana jendarteratzea da. UPV/EHUko Informatika Fakultatean ikasi zuen emakume horren lana gogoraraztea ere lehiaketaren funtsetako bat da.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Pasaia, gizon bat atxilotu dute hilketa-saiakeragatik, bikotekideari labanaz eraso egiteagatik

Ertzaintzak 35 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur eguerdian Pasaian, genero-indarkeriaren esparruan hilketa saiakera egotzita,…

5 horas hace

Bost atxilotu Gasteizen, Donostiako merkataritza-gune batean lapurtzeagatik eta ihes egiteagatik

Ertzaintzak bost gizon atxilotu ditu gaur goizean Gasteizen, Donostiako Garbera merkataritza-gunean egindako lapurreta batetik bi…

5 horas hace

Ertzaintzak Donostian emakume bati sexu-erasoa egiteagatik atxilotuako gizona espetxeratu dute

24_0621 Ertzaintzak Donostian emakume bati sexu-erasoa egiteagatik atxilotuako gizona espetxeratu dute Ertzaintzak Donostian emakume bati…

1 día hace

Abanto-Zierbana, lau pertsona atxilotu dituzte autokarabana batean lapurtzen saiatzeagatik

Ertzaintzak lau gizonezko (hiru heldu eta adingabe bat) atxilotu ditu ostiral gauean, Abanto-Zierbana udalerriko Putxeta…

1 día hace

Bilbo, atxilotu bat hiru edukiontziri su emateagatik

24_0619 Bilbo, atxilotu bat hiru edukiontziri su emateagatik Bilbo, atxilotu bat hiru edukiontziri su emateagatik…

1 día hace

Trapagaran, hiru atxilotu enpresa batean lapurtzen saiatzeagatik

Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu gaur, ostirala, goizaldean, Trapagarango industrialde batean indarra erabiliz lapurtzea egotzita.…

2 días hace