Ertzainek 40 urteko gizon bat atxilotu dute bart gauean Lezaman, agintaritzaren agenteen aurkako atentatua eta bide-segurtasunaren aurkako delituak leporatuta, bere ibilgailuarekin polizia-auto bat ausarkeriaz jotzeagatik, Galdakaotik patruiletatik ihesi zihoanean. Istripuan zauritutako bi ertzainak Galdakaoko ospitalean behaketan geratu dira.
Gaur, osteguna, gaueko 00:00etan, Ibaizabalgo Ertzain-etxeko patruila batek ibilgailu bat ikusi du Galdakaon N-634 errepidera sartzen, eta agenteek gidaria ezagutu egin dute orain dela hainbat hilabetetatik ez duelako gidabaimenik puntu guztiak galdu izanagatik. Pertsona hori delituan berriro erori dela ikusita, patruila aipatutako autoaren ondoan gelditu da semaforo batean, eta gidariak, ertzainen aginduei jaramonik egin gabe, abiadura handian ihes egin du Arkotxa auzorantz.
Patruilak soinu- eta argi-seinaleak aktibatu ditu eta autoari atzetik segi dio, gidariari gelditzeko aginduz. Aldi berean, inguruko gainerako polizia-baliabideen laguntza eskatu du. Gidari arau-hausleak, une oro, seinaleak errespetatu gabe gidatu du, eta A-8 autobideko sarbidera arte jarraitu du, Donostiarako noranzkoan, eta errepideko gainerako erabiltzaileak arrisku argian jarriz zirkulatu du.
Abiadura handian, autoak Txorierriko Korridorerako desbiderapena hartu du eta Kantabriarako noranzkoan jarraitu du. Jarraian, BI-737 errepiderantz, Larrabetzu-Lezamarako noranzkoan, irten da, eta puntu horretan polizia-ibilgailu batekin topo egin du eta gidariak aurrez aurre jo du. Gainerako patruilak iritsi direnean, anbulantziak eskatu dituzte zaurituak artatzeko. Istripua izan duen autoan zihoazen bi ertzainak Galdakaoko ospitalera eraman dituzte.
Ihesi zihoan autoan, gidariaz gainera, beste bi pertsona zihoazen, eta gidaria hainbat delitu leporatuta atxilotu dute: agintaritzaren agentearen aurkako atentatua, bide-segurtasunaren aurkako atentatua, arrisku argia sortuz gidatzea eta gidabaimenik gabe gidatzea puntu guztiak galdu izangatik. Atxilotua bera ere osasun-zentro batera eraman dute istripuaren ondorioz.
Atxilotu duten gizonak polizia-aurrekariak ditu bide-segurtasunaren kontrako delituengatik, arriskua sortuz gidatzeagatik eta orain dela hilabete batzuetatik gidabaimenik ez izan arren gidatzen jarraitzeagatik. Gizona polizia-eginbideak amaitzen dituztenean jarriko dute agintari judizialaren eskuetan.