Ertzaintzak segurtasun-operatibo integrala koordinatuko du Bilbon jokatuko den emakumezkoen Txapeldunen Ligako finala dela eta

Datorren larunbatean San Mames futbol-zelaian jokatzekoa den UEFA Women’s Champions Leagueko finala dela eta, Ertzaintza arduratu da Bilboko Udaltzaingoa eta beste larrialdi zerbitzu batzuk barne hartzen dituen segurtasun operatibo bat koordinatzeaz

Larunbat honetan Bilbon, San Mamesen, jokatuko da UEFA Women’s Champions League txapelketako FC Barcelona eta Olympique Lyonnais futbol-taldeen arteko finala. Hori dela eta, Ertzaintzak operatibo integral bat prestatu du, Bilboko Udalarekin, UEFArekin eta RFEFrekin koordinatuta, Bilbora iritsiko diren bi taldeetako zaleen eta gainerako herritarren segurtasuna bermatzeko.

Ertzaintzaren aldetik, operatiboan parte hartuko dute Bilboko Ertzain-etxeko herritarren babeserako, Brigada Mugikorreko, Zaintza eta Erreskate Unitateko, Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko, Txakur Unitateko, Esku-hartze Unitateko eta Babes Unitateko agenteek. Planak Bilboko Udaltzaingoaren, Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzuaren, Gurutze Gorriaren eta DYAren baliabideekin koordinazioa ezartzen du.

Finala jokatuko duten bi taldeetako zale ugari iritsiko direla espero da, batez ere FC Barcelonakoak. Hori dela eta, gune bana prestatu dira zaleek, partida hasi aurretik eta partida bitartean, egonaldiaz modu seguruan goza dezaten. FC Barcelona taldeko zaleek Casilda Iturrizar Parkean izango dute fan gunea, eta Olympique Lyonnais taldeko zaleek, berriz, Indautxu Plazan izango dute topagunea.

Sarrera guztiak salduta

Ertzaintzak eta UEFAk, erakunde antolatzaileak, egindako bileretan azpimarratu dute garrantzitsua dela UEFAk gaitutako kanal ofizialen bidez erositako sarrerarik gabe Bilbora joaten diren zaleei gogoraraztea sarrera guztiak salduta daudela. Hori dela eta, sarrerak ofizialak ez diren beste salmenta-bide batzuen bidez ez erostea gomendatzen die, balizko iruzur baten biktima ez izateko.

 

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua