Hirurehun landare baino gehiagoko marihuana-plantazio bat desegin dute Sopelan

Ertzaintzak marihuana-plantazio bat desegin du Sopelako landa-eremu batean, eta arduradunak atxilotu ditu osasun publikoaren aurkako ustezko delitu batengatik. Era berean, argindarrarekin iruzur egitea ere leporatu die.

Getxoko Ertzain-etxean Sopelako substantzia sorgorgarrien plantazio bati buruz jasotako informazioan oinarrituta, Droga Unitateko agenteek ikerketa hasi zuten legez kanpoko plantazio hori zegoela egiaztatzeko.

 Egindako ikerketaren ondorioz, eta Sopelako Udaltzaingoaren laguntzaz, egiaztatu zuten lursail batean, arbolez eta zuhaixkez inguratuta, hiru etxetxo zeudela. Tokia eta bertara joaten ziren bi pertsonak zaintzeko dispositibo bat ezarri ondoren, asteazken arratsaldeko lehenengo orduan, operatiboko agenteek bertara sartzera zihoazela geldiarazi zituzten bi pertsona horiek.  Zegokion baimenarekin, polizia-baliabideak barrura sartu ziren, eta etxetxoetako batean biltzeko puntuan zeuden 326 kalamu-landare aurkitu zituzten, bai eta horiek garatzeko eta hazteko beharrezko material guztia ere, hau da, besteak beste, bero-lanparak, haizagailuak, filtroak eta termometroak. Biltegi moduan erabiltzen zuten beste etxetxo batean taser pistola bat, matxete bat eta txikitutako marihuana-kilo bat aurkitu zituzten.

 Egindako ikerketari esker jakin ahal izan zutenez, bi pertsona horiek bi lonja zituzten Berangon, eta horietako batean plantazio berriak sortzeko behar diren era guztietako tresnak zituzten, besteak beste, iragazkiak, fokuak, lorontziak, hazitokiak, turba, etab. Bigarren lokalean eskopeta bat aurkitu zuten kartutxo eta guzti, bai eta pistola simulatu bat, lorontziak eta haxix- eta marihuana-kopuru txikiak ere.  

 Ebidentzia horien aurrean, agenteek plantazioaren bi arduradunak atxilotu zituzten, osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta. Era berean, argindarrarekin iruzur egitea ere egotzi diete, legez kanpo konektatuta baitzuten.  

 Atxilotuak, 42 eta 44 urtekoak, atzo arratsaldean jarri zituzten agintari judizialaren eskuetan.

 

Jaitsi erantsitako dokumentua