Ertzaintzak lau gizon eta emakume bat atxilotu ditu droga-trafikoaren delitua eta argindarrarekin iruzur egitea leporatuta. Horietako hiru in fraganti harrapatu zituzten Bilbon marihuana saltzen, eta gero atxilotu zituzten ustez substantzia hazten eta substantziarekin trafikatzen aritzen zen sare horretan inplikatutako beste bi. Operatiboan 150 landare inguru zituen indoor plantazio bat desegin dute Marurin, eta 4 kilo kukulu, errebolber bat, aire konprimatuko pistola bat eta dirua konfiskatu dituzte.
Gernikako Ertzain-etxeak Mungialdeko marihuana-trafikoaren inguruan egindako ikerketaren ondorioz, substantzia hori hazten eta, ondoren, merkatuan saltzen ari zitekeen pertsona talde bat hauteman zuen. Hori dela eta, joan den asteartean, susmagarrietako bi Mungian substantzia sorgorgarrien trafiko-operazio bat egiten ari zitezkeela ikusita, atzetik jarraitu zieten, Bilbon hirugarren batekin substantzia sorgorgarrien salerosketa-operazioa egiten hasi ziren unera arte.
Une horretan, susmagarrietako bat ihes egiten saiatu zen, baina inguruan atzeman ahal izan zuten. Identifikatu ondoren, egiaztatu zuten 3,5 bat kilo kukulu zeramatzatela. Horren aurrean, hirurak atxilotu zituzten osasun publikoaren aurkako ustezko delitu batengatik. Egindako ikerketaren ondorioz, egun horretan bertan Mungian eta Marurin atxilotu zituzten ustez marihuana hazten eta saltzen aritzen zen sare horretako beste bi inplikatu.
Gero, epailearen aginduarekin, horietako baten Maruriko jabetza miatu zuten, eta etxe barruan indoor plantazio bat aurkitu zuten, lanparaz, aireztapen-sistemaz, ureztatzeko sistema automatikoaz… hornituta, eta landareak lehortzeko leku batean, baita kukulu ugari ere. Etxean doitasun-balantzak, errebolber bat, aire konprimatuko pistola bat eta eskudirutan 1.500 eurotik gora ere aurkitu zituzten.
Agenteek egiaztatu ahal izan zuten etxean argindarrarekin iruzur egiteko sistema sofistikatu bat zutela.
Polizia-egoitzan zegozkion eginbideak amaitu ondoren, atxilotuak, 27 urtetik 56 urtera bitarteko lau gizon eta 23 urteko emakume bat, gaur jarri dituzte agintari judizialaren eskuetan.