Ertzaintzako agenteek, Getxoko Udaltzaingoarekin lankidetzan, 36 urteko gizon bat atxilotu dute, ekainean Getxon izandako indarkeriazko hiru lapurretaren ustezko egilea. Azken biktimari bide publikoan eraso egin eta gutxira atxilotu dute. Beharrezko eginbideak amaitu ondoren, epailearen esku utzi dute, eta espetxeratzeko agindu dute.
Joan den asteartean, arratsaldeko lehen orduan, Algortako auzoan polizia joatea eskatu zuten; izan ere, adierazi zutenez, une bat lehenago gizon batek emakume bati eraso egin zion bide publikoan, eta, tiraldi gogor baten bidez, zeraman katea kendu zion, harekin borrokan aritu ondoren.
Berehala, Ertzaintzaren eta Getxoko Udaltzaingoaren patruilak ingurua ikuskatzen hasi ziren, eta gertaeren egilearen ezaugarri fisikoak zituen gizon bat aurkitu zuten handik gertu. Agenteek susmagarria atzeman zuten, eta, ondoren, atxilotu egin zuten, beharrezko egiaztapenak egin ondoren.
Aurreko astean, Getxoko auzo berean, beste bi lapurreta gertatu ziren antzeko modus operandia erabiliaz adineko bi pertsonari. Hori dela eta, erasotzaileak bi kasuetan izan zuen indarkeriaren aurrean, eta biktimen ahultasun berezia kontuan hartuta, zaintza-dispositibo berezi bat ezarri zen inguruan.
Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten, eta indarkeriaz egindako bi lapurreta horietan parte hartu zuela baieztatu ahal izan zuten, zalantzarik gabe, eta antzeko beste delitu-ekintza batzuetan parte hartu ote zuen ikertu zuten.
Beharrezko eginbideak amaitu ondoren, atzo, asteazkena, epailearen aurrean aurkeztu zuten, eta espetxeratzea agindu zuen.