Gipuzkoako hiriburuan pertsona bat zaurituta geratu da lepauztaiaren inguruan eta beso batean bi labankada jaso ondoren. Ertzaintzak, Donostiako Udaltzaingoaren laguntzaz, ustezko erasotzailea atxilotu du giza hilketaren saiakuntza leporatuta.
Gaur goizaldeko hiru eta erdiak baino lehentxeago, Ertzaintzaren patruila baten laguntza eskatu dute Gros auzoan, bi pertsona borrokan ari zirela eta tartean arma zuriak zeudela esanez.
Bertaratu diren agenteek ikusi dute pertsona bat lurrean etzanda zegoela eta zauri larriak zituela, eta beste bat auto batean ihes egiten saiatzen ari zela.
Laguntzera hurbildu diren udaltzainek autoa zaintzen zuten bitartean, ertzainek osasun-laguntza eskatu dute zaurituarentzat. Dirudienez, biktima eta erasotzailea borrokan hasi dira, eta azken horrek bi labankada eman dizkio eskuineko lepauztaian eta besoaren beheko aldean. Larri zaurituta utzi ondoren, erasotzailea auto batean ihes egiten saiatu da, eta auto barruan hainbat arma zuri aurkitu dizkiote gero. Era berean, erasoan erabili duen labana bertan aparkatuta zegoen beste auto baten azpian aurkitu dute.
Egitate horien aurrean, esku hartu duten agenteek erasotzailea, 28 urteko gaztea, atxilotu dute giza hilketaren saiakuntza leporatuta, eta biktima ospitalera eraman dute lesioak artatzera.