Kartzelan sartu dute, indarkeriaz egindako lapurreta baten egile gisa atxilotu ostean

Ertzaintzako agenteek 29 urteko gizon bat atxilotu dute Getxon, indarkeriaz egindako lapurreta-delitu bat egotzita. Emakume bati eraso egin ondoren bide publikoan, lepoan zituen kateak «tiraka» hartuta. Atxilotua epailearen esku utzi dute, eta espetxeratzeko agindua eman dute.

Joan den asteartean, arratsaldeko zortziak aldera, Ertzaintzari jakinarazi zioten zenbait pertsonak gizon bat atxikita zutela Algortan, ustez lapurreta bat egin zuelako. Jakinarazi zutenez, gizonak bortizki hurbildu zitzaion adineko emakume bati, eta, tiraldi gogor baten bidez, lepoan zeramatzan bi kate kendu zizkion. Ondorioz, adineko emakumea lurrera erori zen.

Antza denez, gertakaria ikusi zuten hainbat pertsona lapurraren atzetik atera ziren, eta ihes egitea eragotzi zioten, nahiz eta lapurrak jarrera oldarkorra izan uneoro.

Aipatutako lekura berehala joan ziren ertzainek susmagarria identifikatu eta atxilotu zuten, indarkeriaz egindako lapurreta-delitu bat egotzita, beharrezko egiaztapenak egin ondoren. Biktimak, jasandako lesioen ondorioz, osasun-laguntza behar izan zuen.

Atxilotuak aurrekari ugari zituen antzeko delituetan parte hartzeagatik, eta ertzain-etxera eraman zuten jarraian. Beharrezko eginbideak amaitu ondoren, epailearen aurrean aurkeztu dute, eta espetxeratzeko agindua eman dute.