Barakaldo, gizon bat atxilotu dute etxean droga-trafikoagatik

Ertzaintzak 42 urteko gizon bat atxilotu du Barakaldon, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita. Atxilotuaren etxebizitzan pilulak egiteko makina bat eta substantzia estupefazienteak, laurogei pilula zituen ontzi bat eta doitasun-baskula bat aurkitu zituzten.

Gertakaria ostiral honetako 20:20ak aldera gertatu zen, Barakaldoko Santa Teresa auzoko etxebizitza batean. Gizon batek Ertzaintzari deitu zion, bikotekidearekin eztabaida bat izan zuelako.

Etxebizitzara joan ziren ertzainek plastiko gardenezko hiru pakete ikusi zituzten altzari baten gainean, barruan hautsezko substantzia zuriak zituztenak. Altzari horren tiradera ireki batean, hauts zuriko poltsatxo bat, doitasun-baskula bat eta 80 pilula laranja zituen plastikozko poto bat zeuden. Lurrean, motxila baten barruan, substantzia zuridun bi bilgarri aurkitu zituzten, eta, haren ondoan, pilulak egiteko prentsa bat.

Horiek horrela, inplikatua atxilotu egin zuten, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita, eta, ondoren, ertzain-etxera eraman zuten, beharrezko eginbideei hasiera emateko. Behin horiek amaituta, epailearen esku utzi zuten atxilotua.