Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du bi milioi ibilgailuk baino gehiagok zeharkatuko dutela Euskadi nazioarteko joan-etorrietan Udako Operazio Berezian

• Barneko joan-etorriei dagokienez, 40 milioi inguru espero dira

Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak gaur aurkeztu du Udako Irteera-Itzulera Operazio Berezia Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan. Aurten Parisko Olinpiadekin (uztailaren 26tik abuztuaren 11ra) batera izango da, eta horrek eragina izan dezake trafiko-fluxuetan. Ohikoa den bezala, fluxu garrantzitsuena nazioartekoa izango da, Itsasartea Igarotzeko Operazioaren ondorioz. Alde horretatik, aurreikusten da uda honetan bi milioi ibilgailuk baino gehiagok zeharkatuko dutela Euskadi, batez ere Portugalerako eta Afrika iparralderako bidean. Hori dela eta, seinale bereziak jarriko dira AP-1eko irteera (Etxabarri Ibiñan) eta N-622 errepidea (Gasteizerako noranzkoan) lotzea errazteko eta Gasteizen N-622 eta A-1 errepideen lotunean, Burgos/Madrilerako noranzkoan, biak irteera-operazioan. Itzulera-operazioari dagokionez, seinale bereziak jarriko dira Armiñongo lotunean, AP-1 eta A-1 errepideak lotzen diren lekuan, Gasteizerako noranzkoan.

Barneko trafikoari dagokionez, 2023ko antzeko joan-etorri kopurua edo handiagoa espero da, eta urte hartan 40 milioi joan-etorri baino gehiago erregistratu ziren.

Edonola ere, ohikoa den moduan, arreta berezia jarriko da opor garaian kritikoak izan ohi diren puntuetan: A-8an, Kantabriarako noranzkoan; AP-8an, mugan; Armiñongo lotunean eta AP1 eta N-622 arteko lotunean, Gasteizerako noranzkoan; eta N-622 eta A-1 arteko lotunean, Burgoserako noranzkoan.

Joan-etorriak

Itsasartea Igarotzeko Operazioak eragiten duen nazioarteko trafikoak aurten ere Euskadi zeharkatuko du Portugalerako eta Afrika Iparralderako bidean. Kalkulatzen da guztira bi milioi ibilgailu baino gehiago igaroko direla Euskadiko errepide-saretik nazioarteko joan-etorrietan. Hori dela eta, seinale bereziak jarriko dira AP-1eko irteera (Etxabarri Ibiñan) eta N-622 errepidea (Gasteizerako noranzkoan) lotzea errazteko (irteera-operazioa) eta N-622 eta A-1 errepideen arteko lotunean, Burgos/Madrilerako noranzkoan, eta Armiñongo lotunean, AP-1 eta A-1 errepideak lotzen diren lekuan, Gasteizerako noranzkoan (itzulera-operazioan).

Barruko trafikoari dagokionez, eta eguraldiak laguntzen badu, joan den udako antzeko joan-etorri kopurua edo handixeagoa espero da, orduan ia 40 milioi izan baitziren.

2023ko datuak

Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak gogorarazi du Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Zero Biktima helburua, eta arreta handiz jokatzeko eskatu du, joan den udako heriotza kopuruak errepika ez daitezen. 2023ko uztailean eta abuztuan hamar pertsona hil ziren Euskadiko errepide-sarean (9 Gipuzkoan eta bat Bizkaian) eta aurreko udan, aldiz, hamaika pertsona hil ziren (Bizkaian 4, Araban bat eta Gipuzkoan 6).

2023ko uztailean eta abuztuan guztira 1.284 istripu izan ziren (471k eragin zituzten biktimak), eta 2022ko aldi berean 1.224 izan ziren (432k eragin zituzten biktimak).

Zirkulazioa hobetzeko neurriak

Egun hauetan trafikoa ahalik eta arinena izateko eta gorabeherak minimizatzeko, Eusko Jaurlaritzak honako jarduketak burutuko ditu:

  • Behar izanez gero, seinaleak indartuko dira bide-sare nagusiko eta zerbitzu guneetako puntu estrategikoetan, foru-aldundiekin lankidetzan.
  • Irteera-operazioan, auto-ilarak sor litezkeen egunik kritikoenetan (uztaileko azken asteburua eta abuztuko lehenengoa), seinale bereziak jarriko dira AP-1eko irteera, Etxabarri Ibiñan, eta N-622 errepidea, Gasteizerako noranzkoan, lotzen diren puntuan, eta Gasteizen N-622 eta A-1 errepideen arteko lotunean, Burgos/Madrilerako noranzkoan. Armiñongo lotunean, Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, behin-behineko seinaleen bidez gomendatuko da A-1en paraleloan doan N-1 bide alternatiboa erabiltzea Argantzunen hasi eta Armiñongo AP-1erako sarbidearen artean, A-1 errepidean 6 km-tik gorako auto-ilarak sortuz gero, Burgos/Madrilerako noranzkoan.
  • Itzulera-operazioan, abuztuko azkeneko bi asteburu luzeetan (hau da, ostegunetik igandera bitartean) seinalizazio berezia jarriko da Armiñongo lotunean, AP-1 zaharreko irteeran Gasteizerako noranzkoan, trafikoa arintzeko. Konoen eta seinaleztapen bereziaren bidez, A-1eko hiru erreietako bat utziko zaie AP-1etik modu masiboan sartzen diren ibilgailuei.
  • Laugarren urtez jarraian, Kantabria eta Bizkaia artean hitzartutako garabi-zerbitzua izango da trafiko gehien izaten den jaiegunetan eta asteburuetan, istripua izan duten edo matxuratuta dauden ibilgailuei laguntzeko. Ostiraletan eta larunbatetan A-8an, Uriosten (Suhiltzaileetarako sarbideko biribilgunean) kokatuko da, eta igandeetan El Hayan (Cobaronerako lotunean).

Ertzaintzako trafiko-unitateetako 550 agentek zainduko dute errepideko zirkulazioa eta segurtasuna, eta in situ emango dute zirkulazioaren egoerari buruzko informazioa. Helikoptero batek irudiak bidaliko ditu Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrora, eta kontrol horren euskarria izango da.

Gomendioak

Bidaiari ekin aurretik, Eusko Jaurlaritzak gomendio hauek ematen ditu:

  • Ibilgailuaren egoera ona ziurtatu, eta mantenimendua eguneratuta izan.
  • Gidatu aurretik ez kontsumitu ez alkoholik ez drogarik, eta ez egin otordu oparorik. Botikaren bat hartuz gero, ziurtatu ez duela ondoriorik gidatzeko garaian.
  • Abiadura eta gidatzea trafikoaren eta errepidearen inguruabarretara egokitu, eta beti jarraitu Ertzaintzako agenteen oharrak.
  • Saihestu arrisku-portaerak eta arretaz, arduraz eta gainerako gidariak, batez ere kolektiborik zaurgarrienak, hau da, motor-gidariak eta txirrindulariak, errespetatuz gidatu.
  • Segurtasun-tarteak gorde.
  • Atseden hartu bi orduz behin edo 200 kilometroz behin.
  • Bidaian irten aurretik, begiratu errepideen egoera. Eusko Jaurlaritzak uda osoan indartuko du errepideen egoerari buruzko informazioa informazio-mezuen panelen, trafikoa.euskadi.eus web-orriaren, sare sozialen eta 011 telefono-zenbakiaren (24 orduz erabilgarri dagoena) bitartez.

Hori guztia istripuak saihesteko helburuarekin; izan ere Zero Biktima sentsibilizazio-kanpainak gogorarazten duen bezala, errepidean heriotza bakar bat ere ezin da onartu eta istripu-tasa murriztea errepideen erabiltzaile guztien esku dago.

Jaitsi Dokumentua