Arrigorriaga, espetxera eraman dute gizon edadetu bati indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik atxilotutako gizona

Ertzainek, Arrigorriagako eta Bilboko udaltzaingoekin elkarlanean, 29 urteko gizon bat atxilotu dute, edadeko gizon bati indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Biktimak hainbat lesio izan zituen eta ospitalera eraman behar izan zuten. Atxilotua espetxeratu egin dute epailearen aginduz.

Joan den astelehen arratsaldean, ordu bat eta erdiak aldera, Arrigorriagako Udaltzaingoak Ertzaintzari jakitera eman zion gizon edadetu bati lapurreta egin berri ziotela kalean oinez zihoanean. Pertsona batek lepotik heldu eta lurrera bota zuen zangotraba eginda, eta, arrastaka eraman ondoren, urrezko domina zuen katea lapurtu zion bortxaz.  Ondoren, lapurrak ihes egin zuen.

Adineko gizona anbulantzian eraman behar izan zuten Basurtuko ospitalera, belaunetan eta ukondoetan urradurak eta bizkarrean eta lepoan kolpeak baitzituen.

Ibaizabalgo Ertzain-etxetik zegokion ikerketa hasi zuten lapurra identifikatzen eta atxilotzen saiatzeko. Egindako ikerketen ondorioz, eta Bilboko Udaltzaingoarekin lankidetzan, atzo, asteazkena, inplikatua Bizkaiko hiriburuan aurkitu zuten, eta indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik atxilotu zuten.

Atzo bertan, polizia-eginbideak amaitutakoan, atxilotua agintaritza judizialaren eskuetan jarri zuten, eta epaileak Basauriko espetxera eramateko agindua eman zuen.