Usurbilen atxilotu dute Ertzaintzaren kontrol batean 10 kilo haxixekin

Ertzaintzak 39 urteko gizon bat atxilotu du bart gauean Usurbilen, ustezko droga-trafikoa leporatuta, trafikoko kontrol batean maletategian 10 haxix zeramatzala harrapatu ondoren.

Atzo, 20:20 aldera, Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateko patruila bat prebentzio-kontrol bat egiten ari zen Usurbilen. Kontrolean, bidaiari bakarra zeraman auto bat hurbildu zen, eta gidariak agenteekin hitz egiteko leihoa jaitsi zuenean, agenteek kalamu usain handia hartu zuten. Agente jarduleek droga-kontrola egin zioten, eta positibo eman zuen kalamuan.

Miaketa egiteko maletategia zabaltzeko eskatu ziotenean, susmagarria oinez ihes egiten saiatu zen, eta agente jarduleek, gelditzeko behin baino gehiagotan esan ondoren, atzetik segi zioten atzeman ahal izateko, eta 200 bat metrora geldiarazi zuten. Bien bitartean beste agente batzuk autoa zaintzen geratu ziren.

Gero autoa miatu zutenean, maletategian, poltsa batean, prentsatutako substantzia marroi bat zuten hamar poltsa aurkitu zituzten, eta gidariak berak aitortu zuen, agenteek galdetu ziotenean, 10 kilo haxix zirela.

Horren aurrean, gizona droga-trafikoagatik atxilotu zuten, eta, ondoren, polizia-egoitzara eraman zuten zegozkion polizia-eginbideei hasiera emateko. Espero dute atxilotua gaur goizean zehar jartzea Donostiako Guardiako Epaitegiaren eskuetan.