Erakundeek beren baliabideak indartuko dituzte, modu koordinatuan jardunez, afekzioak murrizteko helburuarekin, eta berriro planteatuko da Oinaurreko sarbidea ixtea Irunen, prebentzio-neurri gisa.
Udako Irteera Operazioaren egunik kritikoenen bezperan, eta Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan nazioarteko trafikoa handituko dela aurreikusiz; Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo eta Hondarribiko Udalek dei egiten diete herritarrei, ahal den neurrian, garraio publikoa erabil dezaten, batez ere Irunen kasuan, hiri barruko joan-etorrietarako edo inguruko ibilbideetarako ibilgailu pribatua saihestuz.
Erakundeek, halaber, eragileen arteko koordinazio estua beharko dela azpimarratu dute, mugako herrietan eta eskualde osoko mugikortasunean blokatzeak saihesteko. Horrela, langileak eta baliabide materialak aldi baterako indartuko dira, eta Irungo kobrantza-estazioko bide guztiak gaituko dira, trafikoaren arintasuna bermatu behar den uneetan. Herritarrak garraio publikoan mugi daitezen laguntzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak gogorarazi du Lurraldebusen uda osoan zehar ‘Donostia-Hondarribiko Aireportua’ zuzeneko konexio-zerbitzua jarri dela, eta beharrezkoak diren lineak indartzen jarraituko dela, uda sasoian ere mugikortasun iraunkorragoa sustatzeko.
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Ertzaintzak, Irungo eta Hondarribiko Udalekin elkarlanean, udako itzulera operazioaren une kritikoetan koordinatuko dituzte ekintzak, batez ere abuztuaren bigarren hamabostaldian. Esku-hartze hori erakundeek egin dituzten bileren emaitza da, eta udan zehar eskualdean trafikoaren pilaketak izan ditzakeen ondorioak gutxitzeko irtenbideak bilatuko dira.
Oinaurreko irteeraren itxiera
Irteera eta Itzulera Operazioari begira, Ap-8 autobideko irteera ixtea proposatu dute berriro, Irunen, hiri-trafikoan kolapsoak saihesteko. Neurri hori gauzatuz gero, erakundeek errepideko seinaleztapenari arreta emateko eta Ertzaintzak eta udaltzaingoak emandako argibideei jarraitzeko eskatu diete herritarrei.