Espetxean sartu dute Irungo etxebizitza batean iruzur egiten saiatu eta lapurreta egin ostean

Ertzaintzako agenteek gazte bat atxilotu zuten asteazken arratsaldean, Irungo etxebizitza batean lapurtzea eta estanko batean iruzur egiten saiatzea egotzita. Atxilotua epailearen esku utzi zuten atzo, eta espetxeratzeko agindu zuten.

Ertzaintzak asteazken arratsaldean jakin zuen gizon bat Irungo estanko batean kreditu-txartel batekin erosketa bat ordaintzen saiatu zela eta PIN zenbakia sartzeari uko egin ziola.

Susmagarria handik gutxira aurkitu zuten Zabalgune Plazan, eta agenteek identifikatu egin zuten. Jarraian, gorputz-miaketa bat egin zioten, eta bere jantzien artean kreditu-txartel bat aurkitu zuten, bere jabetzakoa ez zena. Era berean, motxila arakatu zuten, eta, beste objektu batzuen artean, bi telefono mugikor aurkitu zituzten, baina horiek ere ez ziren bereak.

Irungo ertzain-etxetik egindako ikerketei esker, egiaztatu ahal izan zen motxila lapurtu egin zutela herriko etxebizitza batean, arratsalde hartan bertan. Motxila horretan, lapurretaren unean, hainbat tresna, estankoan ordaintzeko erabili zen kreditu-txartela eta berreskuratutako telefono mugikorretako bat zeuden. Beste mugikorra jabeari lapurtu zioten Hendaian, deskuiduan.

Atxilotuak 25 urte ditu eta aurrekariak ditu. Atzo epailearen esku utzi zuten eta Martuteneko espetxean sartzea agindu zuten.