Vitoria-Gasteiz, bi emakume atxilotu dituzte eta beste bat ikerketapean geratu da, prostituzio-delituengatik


24_0489 Vitoria-Gasteiz, bi emakume atxilotu dituzte eta beste bat ikerketapean geratu da, prostituzio-delituengatik

Vitoria-Gasteiz, bi emakume atxilotu dituzte eta beste bat ikerketapean geratu da, prostituzio-delituengatik

Prentsa Zerbitzua

2024-09-01

Ertzaintzak bi emakume atxilotu ditu Arabako hiriburuan, prostituzio-delituak egotzita, eta hirugarren baten aurkako eginbideak ireki ditu, beharrezko laguntzaile den heinean. Atxilotutakoek zuzentzen zuten lokalean prostituzioan aritzen ziren emakumeek esplotazio-baldintzetan lan egiten zuten.

Atzo goizean, Vitoria-Gasteizko Ertzain-etxeko agenteak gizakien salerosketarekin lotutako prebentzio-lanak egiten ari zirenean, ohiko ikuskapena egin zuten hiriko prostituzio-lokal batean. Neskekin hitz egitean, horietako batzuek negozioko arduradunek ezarritako esplotazio-baldintzak azaldu zizkieten. Emakumeek lan-ordutegi zorrotzak bete behar izaten zituzten, eta oso denbora gutxi izaten zuten bizitza pertsonalaz gozatzeko, eta beti ordu-tarte jakin batean. Era berean, lanen bat suertatzen bazen, lokalera itzultzera behartuta zeuden eta nola jantzi behar zuten ere agintzen zieten. Zerbitzu horietan irabazten zuten diruaren ehuneko hirurogeita hamar negozioko arduradunei ordaindu behar zieten. Bezeroei substantzia estupefazienteak ere ematen zizkieten, hala eskatzen bazuten. Izatez, ohe baten azpian, legez kanpoko substantzia kopuru txikia zuen poltsatxo bat aurkitu zuten.

Ebidentzia horiek ikusirik, agenteek langileen egoera argitzeko eskatu zieten arduradunei eta, ondoren, atxilotu zituzten. Era berean, eginbideak ireki dituzte lokaleko beste langile baten aurka, negozioaren arduradunen egitekoak betetzen baitzituen arduradunak bertan ez zeudenean.

Bi atxilotuak gaur goizean bertan eraman dituzte epailearen aurrera.