Lehendakariak, AHTri eta bere loturei buruz: «Faktore guztiak hartu behar ditugu kontuan, Euskadiren garapen ekonomikoa jokoan baitago»

Hala, Nafarroako presidente Maria Chiviterekin asteazkenean egingo duen bileraren harira, Lehendakariak garrantzitsutzat jo duena, «Nafarroarekiko harremana lehentasuna» dela azpimarratu du, eta, ildo horretan, bi erkidegoen artean dauden kultura eta hizkuntza arloetako loturak eta lotura ekonomikoak, bidesariei dagokienak eta garraiokoak nabarmendu ditu.

Bi agintariek jorratuko duten azken esparru horri buruz galdetuta, eta, zehazki, abiadura handiko trena eraikitzeko lanei buruz eta Abiadura Handiko Trena Nafarroarekin Gasteizen edo Ezkioren bitartez lotzeko bi aukerei buruz galdetuta, Imanol Pradalesek adierazi du Eusko Jaurlaritza «eragile erabakigarria eta erabakitzailea» dela azpiegitura horretan, eta, azpimarratu duenez, azpiegitura horrek belaunaldi askori eragingo die, ingurumenean, industrian eta gizartean eragina izango du eta milioi askoko inbertsioa eskatzen du. Horregatik, Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritza «erabat inplikatuta» dagoela gai teknikoetan parte hartzeko, bai Nafarroako Gobernuarekin, bai Garraio Ministerioarekin, «gogoeta guztiak kontuan hartu behar direlako».

Ildo horretan, Pradalesek Ministerioari eskatu dio txosten teknikoak eskura jar ditzala, faktore guztiak eta xehetasun kuantitatibo eta kualitatibo guztiak ezagutu ahal izateko. «Erabakia faktore guztiak kontuan hartuta hartu behar da, Euskadiren garapen ekonomikoa jokoan baitago», baieztatu du, eta onartu du inplikatutako eragileek informazio hori eskuratzeko lan egin behar dutela.

Osasunari buruzko Euskal Ituna

Euskal Osasun Sistema izan da elkarrizketan Lehendakariak jorratu duen beste eremuetako bat, eta hori ere urte politikoaren lehen asterako ezarritako agenda-konpromisoen artean dago. Zehazki, Osasunari buruzko Euskal Itunari buruz eta ostegun honetan, irailaren 5ean, inplikatutako eragileekin egingo den lehen bilerari buruz galdetu diote. «Erakunde politiko eta sindikal guztiak egongo gara, ELA izan ezik, oraindik ez baitu baieztatu joango denik, elkargo profesionalak eta unibertsitateak; oso mahai zabala izango da», zehaztu du.

Topaketan jorratuko diren gaiei buruz, Imanol Pradalesek azaldu du hiru bloke landuko direla. «Alde batetik, Euskal Osasun Sistemari buruzko diagnostiko partekatua bilatuko dugu, eta, beraz, ostegunean dokumentu bat aurkeztuko dugu, eztabaidagai izango dena, urriaren hasieran amaitu ahal izateko; diagnostikoa egin ondoren, Euskal Osasun Zerbitzua eta Osakidetza gidatu behar dituzten printzipioak zehaztuko ditugu, tartean dauden eragileek aberastuko eta hobetuko duten proposamen batekin; eta, azkenik, etorkizuneko ildo estrategiko nagusiak eta gauzatu beharreko ekintzak ezarriko ditugu», adierazi du Pradalesek.