Ertzainek 24 eta 25 urteko bi gizon atxilotu zituzten atzo, astelehena, Bilbon, herritar bati estortsio egitea leporatuta, herritarrak, mehatxupean, diru-kopuru esanguratsua eman baitzien. Xantaia egin zioten pertsonak zakarrontzi batean utzi behar izan zuen 25.000 euro zituen poltsa bat, eta hura jasotzera joan zirenean atxilotu zituzten bi gizonak.
Joan den astean, Balmasedako Ertzain-etxean ikerketa bat hasi zuten herritar bat ustez jasaten ari zen estortsio baten inguruan. Dirudienez, prostituzioarekin zerikusia zuen eta konpainia-zerbitzuak eskaintzen zituen webgune batekin harremanetan egon ondoren, azken hilabeteetan ezezagun batzuen heriotza-mehatxuak jasotzen hasi zen, eta, xantaien bidez, kopuru handiko diru-transferentzia batzuk egin behar izan zituen hainbat banku-kontutara. Orain arte emandako zenbatekoa 10.800 euro baino gehiagokoa da.
Jakin ahal izan denez, estortsioen egileek, abuztuan biktimarekin azken aldiz harremanetan jarri zirenean, eta bere osotasunaren eta familiarenaren aurkako mehatxupean, 25.000 euro eskudirutan emateko eskatu zioten, eta diru hori atzo, astelehena, utzi behar zuen Bizkaiko hiriburuko zakarrontzi batean.
Horren berri izan ondoren, ustez dirua jasoko zen lekuan zaintza-dispositibo bat ezarri zen, eta bi pertsona dirua jasotzera zihoazela ikusi zutenean, operatiboko agenteek atzeman egin zituzten. Susmagarriak identifikatu egin zituzten, eta, zegozkion frogaketak egin ondoren, estortsio-delitua eta mehatxuak leporatuta atxilotu zituzten.
Jarraian, bi atxilotuak polizia-egoitzara eraman zituzten beharrezko izapideak egiteko eta, ondoren, agintari judizialaren eskuetan jartzeko.
Ertzaintzak zabalik du ikerketa, antzeko estortsioen kasu gehiago izan litezkeelakoan, eta ez da baztertzen atxiloketa gehiago egitea. Era berean, behin berriro ere herritarrei gogorarazten zaie era horretako egoera baten biktima izanez gero, inoiz ez dela amore eman behar xantaien aurrean, eta dirua eman aurretik gertatutakoa berehala salatu behar dela.