Ertzainek 18 urtetik 37 urtera bitarteko bost gizon atxilotu dituzte gaur, asteazkena, goizaldean, Andoainen, lehentxeago Gipuzkoako hiriburuko merkataritza-gune batean egindako lapurretaren egileak izatea leporatuta. Atxilotuak sarrerako ate bat palankaz behartuta sartu dira barrura.
Gaur goizaldeko lauak baino lehentxeago, Ertzaintzari jakinarazi diote ustez lapurreta egin dutela Donostia kanpoaldeko merkataritza-gune batean, eta berehala hurbildu da bertara inguruan zaintza-lanetan ari zen polizia-dotazio bat. Patruilak egiaztatu du sarrerako ate bat palankaz behartu dutela eta bertako establezimendu bateko kutxa erregistratzailea ere behartuta zegoela, tiradera zabalik eta hutsik baitzegoen.
Jakin ahal izan denez, lapurreta hainbat pertsonak egin dute, eta gero furgoneta batean ihes egitea lortu dute. Berehala abian jarri den ikerketaren ondorioz, handik pixka batera aurkitu dute lapurretaren egileek ihes egiteko erabili duten ibilgailua Andoaingo kale batean aparkatuta, barruan bi pertsona zituela.
Bi pertsonak identifikatu egin dituzte, eta, aldi berean, egiaztatu ahal izan dute inguruan zegoen beste txabola batean susmagarrien ezaugarri fisikoekin bat zetozen beste hiru gazte zeudela. Txabola barruan indarrez lapurretak egiteko erabil daitezkeen hainbat tresna aurkitu dituzte.
Bost identifikatuak merkataritza-gunean lehentxeago egindako lapurretan inplikatuta zeudela egiaztatu ondoren, atxilotu egin dituzte. Jarraian, polizia-egoitzara eraman dituzte dagozkion izapideak egin eta, ondoren, agintari judizialaren eskuetan jartzeko.