Bilbo, bi pertsona atxilotu dituzte 1400 bat pilula sorgorgarri, haxixa, speeda, beste hainbat substantzia eta 8.500 euro edukitzeagatik

Ertzainek 41 urteko gizon bat eta 46 urteko emakume bat atxilotu dituzte, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu batengatik. Lokal bat miatzean 1428 MDMA pilula (mentanfetamina), 850 gramo haxix, speeda eta substantziak manipulatzeko elementuak aurkitu zituzten beste ebidentzia batzuen artean.

Polizia-dispositiboa atzo arratsaldean gauzatu zen Bilbo-Galdakaoko errepidearen ondoan dagoen lonja batean. Ertzaintzaren susmoak areagotu zituzten bertan atzemandako pertsonen sarrera- eta irteera-mugimenduek, ke-jarioek eta usain kimikoak.

Operatiboan esku hartu zuten ertzainek arduradunaren baimenarekin sartu ziren barrura, eta arropa batzuen ondoan kolore ezberdinetako pilulak ikusi zituzten.  Jarraian, polizia-baliabideek lokala miatu zuten, Ertzaintzaren Txakur Unitatea mobilizatuta.

Miaketan 1428 pilula, laranja eta arrosa kolorekoak; 850 gramo haxix, gehiena tabletatan banatuta; ustez anfetamina-sulfatoa edo speeda zuten banakako bilkariak; GHB izeneko substantzia likidoa zuten poteak; sendagaien blisterrak; substantzien hondarrak zituzten plastikoak; doitasun-balantza bat eta billete ezberdinetan banatuta 8.500 euro aurkitu zituzten.  

Lonja barruan, agenteek bi pertsona, gizon bat eta emakume bat, identifikatu zituzten, bertan egiten zen jardueraren ustezko arduradun gisa. Ebidentzia horien aurrean, agenteek atxilotu egin zituzten osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat leporatuta. Atxilotutako gizonak polizia-aurrekariak ditu delitu beragatik.

Bi atxilotuak gaur goizean jarri dituzte Bilboko Guardiako Epaitegiaren eskuetan.

Jaitsi erantsitako dokumentua