Ertzaintzak 47, 25 eta 24 urteko hiru gizon atxilotu ditu gaur, ostirala, goizaldean Gasteizen, osasun publikoaren aurkako delitu baten ustezko egileak direlakoan. Ustez gaua ematen ari ziren lonja baten barruan estasi-pilula ugari, haxix zatiak eta hainbat salgai aurkitu dituzte, eta horien jatorria ikertzen ari dira.
Goizaldeko lau eta erdiak pasata, Arabako hiriburuko Koroatze aldean zaintza-lanak egiten ari zen Ertzaintzako patruila batek hiru pertsona ikusi ditu han aparkatuta zeuden ibilgailuen artean, eta, antza denez, irekitzeko mekanismoak manipulatzen saiatu dira.
Ertzainak ikusi dituenean, haietako bat korrika atera da, eta inguruan dagoen lonja batean sartu da. Hori ikusita, patruilak lagunak atxiki ditu, eta hirugarren susmagarria ezkutatzen zen lokalera joan dira.
Hiru gizonak identifikatu dituzte, eta jakin dute gaur egun aipatutako lonjan bizi zirela. Bertan, estasi-pilulak, haxix-zatiak, jatorri ezezaguneko 17 gailu mugikor, hainbat bizikleta eta legez kanpoko jatorria ote duten ikertzen ari diren hainbat salgai zituen ontzi bat aurkitu dute.
Egoera horren aurrean, atxilotu egin dituzte, droga-trafikoko ustezko delitu bat egotzita. Jarraian, ertzain-etxera eraman dituzte hiru atxilotuak, beharrezko eginbideak egiteko eta, ondoren, epailearen esku jartzeko.