Lehendakariak: «Gure herri nortasuna indartzea ezinbestekoa da»

Imanol Pradales Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren inaugurazio ekitaldian izan da. Gasteizen egiten ari da «Elkartzen gaituena» lelopean

Imanol Pradales Lehendakariak Eusko Ikaskuntza Gasteizko Europa Jauregian egiten ari den Kongresuaren inaugurazio ekitaldian parte hartu du gaur. Eusko Ikaskuntza «Batzen gaituena» lelopean ospatzen ari da egunotan bere kongresuaren XIX. edizioa, gizarte eta lurralde kohesioa ardatz hartuta.

Kongresuaren leloari lotuta hitz egin du Lehendakariak inaugurazio ekitaldian. Izan ere, etorkizun hurbilean agertzen zaizkigun erronka zailei aurre egiteko garaian, gizarte-kohesioak duen garrantzia azpimarratu du Imanol Pradalesek. «Demokrazia kolokan dago. Europaren kontrako diskurtso xenofobo, arrazista eta ultrak aurrera egiten ari dira. Garai zailak bizi ditugu. Ikusten dugu nola indar antidemokratikoak pixkanaka gero eta jarraitzaile gehiago bereganatzen ari direla Europan eta munduan. Diskurtso horien erantzunak bateratua izan behar du».

Horretarako, lehendakariaren arabera, “indibidualismoa eta epe laburrekoa urrundu behar dira, eta batzen gaituena eta indartsuago egiten gaituena, ordea, balioetsi. Proiektu komun baten parte garela sentitzea”. Hala, «ezinbestekoa da gure herri-nortasuna indartzea, gure erakundeak eta politika bera prestigiatzea. Populismotik, demagogiatik eta intransigentziatik salbu jartzea», ohartarazi du.

«Erantzuna gizartetik aterako da edo ez da aterako»

Pradalesen ustez, «ezin dugu beste alde batera begiratu. Olatua gero eta handiagoa da eta bidegurutze honetan tekla zuzena sakatu behar dugu». Lehendakariaren iritziz, erantzunak gizartetik etorri behar du. “Erantzun hori gizartetik aterako da edo ez da aterako. Sekretu bakarra da herri gisa dugun nortasuna indartzea eta gure erakundeei eta politikari berari prestigioa ematea».

Ildo horretan, Imanol Pradalesek gogorarazi duenez, bide horri ekiteko “Eusko Ikaskuntza baino bidelagun hoberik ez zait bururatzen, zazpi lurraldeetako euskal gizarteak, gure gizarteak, izango dituen etorkizuneko erronkei erantzun bateratzaileak eta berritzaileak eskaintzeko sortu zinetelako, lurralde-kohesioa helburu”.