Hiru atxilotu droga-trafikoagatik Abadiñon eta Iurretan

Durangoko Ertzain-etxeko agenteek hiru gizon atxilotu zituzten atzo, astelehena, arratsaldean, droga-trafikoa leporatuta. Atxilotuek merkataritza-lokal bat erabiltzen zuten estalgarri moduan, eta merkatuan 16500 euro inguruko balioa izango zuen substantzia sorgorgarria atzeman zuten bertan.

Atzo, astelehena, arratsaldeko sei eta erdiak aldera, kalez jantzitako Durangoko Ertzain-etxeko agenteek, herritarrak babesteko lanetan ari zirela, ibilgailu baten jarduera susmagarria ikusi zuten Abadiñon. Abisua eman eta autoari diskrezioz segi ondoren, Iurretan geldiarazi zuten. Polizia ikustean, gidariak poltsa marroi bat bota zuen leihotik, eta kopilotua korrika irten zen, baina uniformedun agenteek geldiarazi zuten. Gizonak substantzia prentsatu marroi baten bi plaka eta substantzia zuri bat zuten hainbat poltsatxo zeramatzan, ustez substantzia sorgorgarriak. Honek agenteei esan zien substantziak autoaren gidariarenak zirela eta erosi berri zituela.

Bi gizonak, 43 eta 48 urtekoak, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu batengatik atxilotu zituzten.

Haien deklarazioak entzunda, agenteak adierazitako merkataritza-lokalera joan ziren, eta barruan, besteak beste, substantzia prentsatu marroi baten hogei bat tableta, doitasun-balantza bat, ixteko alanbrearen biribilkiak eta dirutan 1600 euro inguru aurkitu zituzten. Horregatik guztiagatik, establezimenduaren 29 urteko arduraduna atxilotu zuten osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta.

Polizia-jarduketan substantzia sorgorgarrien kopuru esanguratsua aurkitu zuten, eta merkatuan 16500 euro inguruko balioa izango zuen.

Hiru atxilotuak, polizia-egoitzara eraman zituzten zegozkion eginbideak betetzeko, eta bertan jarraitzen dute epailearen aurrera eraman bitartean.