Deustuko Unibertsitateak indarkeriaren deslegitimazioa sustatuko duten heziketa-materialak egiteko hitzarmena onartu da

Terrorismoaren biktimen testigantza unibertsitateko geletara eramaten duen Adi-Adian programa mantentzea ere barne hartzen du

Gobernu Kontseiluak Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren eta Deustuko Unibertsitatearen artean lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko oniritzia eman du gaur, Euskadiko indarkeriaren historia kritikoki ulertzea eta indarkeria deslegitimatzea sustatuko duten hezkuntza-materialak egiteko. Hitzarmenak terrorismoaren biktimen testigantza unibertsitateko geletara eramaten duen Adi-Adian programa mantentzea ere barne hartzen du.

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, kontseiluak azken hamarkadetan Euskadin izandako indarkeriaren historia eta indarkeriaren desnormalizazioan eta deslegitimazioan eta bakegintzan aurrera egiteko belaunaldi berriei erakutsiko zaien historia landuko duen belaunaldien arteko eta diziplinarteko elkarrizketarako gune bat eskaintzea helburu duen hitzarmena berretsi du.

Horretarako, Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroak lideratutako Memoria, Hezkuntza Historikoa eta Bakegintza Euskadin Ikaskuntza Komunitatearen (ComAp) jarduerak babestuko dira. Zehazki, hezkuntza historikoak indarkeriari zilegitasuna kentzeko egiten dituen ekarpenetara hurbiltzeko lan egingo da; hezkuntza historikoa Euskadin bakea eraikitzeko orientatzeari buruzko trukerako eta lankidetzarako espazioak sortuko dira historialariekin eta gizarte-arloko beste profesional batzuekin; eta indarkeria deslegitimatuko duten eta, batez ere, unibertsitate-hezkuntzara, aditua ez den publiko orokorrera eta Historia, Humanitate eta Gizarte Zientzietako irakasleak gatazkaren eta indarkeriaren inguruan prestatzera bideratuko diren hezkuntza-baliabideak ekoiztea sustatuko da.

Era berean, hitzarmenak jasotzen du terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimen testigantza zuzena Deustuko Unibertsitateko ikasleengana hurbiltzen duen Adi-Adian programa eskaintzen jarraituko dela, biktimen aitorpenerako eta erreparaziorako gobernu-akordioan jasotzen den bezala. Era berean, jasotzen da programa hori ebaluatu egin behar dela beste gradu eta master batzuetara hedatzea aztertzeko, bereziki irakasleen prestakuntzarekin lotutakoetara. Hitzarmenak 194.529 euroko diru-ekarpena ezartzen du 2024 eta 2026 artean.