Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak lehen sektoreko garapen teknologikorako Handitu Innova laguntzen deialdia egin du

Berrikuntzan inbertsioak egiteko, ekoizpen-kostu zuzenak murrizteko eta lanaren produktibitatea hobetzeko

Guztira, 2.995.000 euro bideratuko dira.

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aginduari, ekoizpen-kostu zuzenak murrizteko eta lanaren produktibitatea hobetzeko berrikuntzan inbertsioak eginez, lehen sektoreko garapen teknologikorako Handitu Innova laguntza-programa onartzeko denari. Laguntza horietara 2.995.000 euro bideratuko dira, eta Euskadiko aurrekontuen kargura finantzatuko dira: 1.495.000 euro 2024. urtean eta 1.50.000 euro 2025ean.

“Lehen sektoreko nekazaritza-ekoizpeneko berrikuntza teknologikorako laguntzek –HANDITU INNOVA 2024–, aukera ematen dute nekazaritza-sektorearen ekimen estrategiko eta berritzaile handiei laguntzeko, betiere horien helburua bada tokiko eta eskualdeko ekonomiak trakzionatzea eta eraldatzea berrikuntza teknologikoan inbertsio handiak eginez ekoizpen-kostu zuzenak murrizteko, ustiategiaren lehiakortasuna hobetzeko eta negozio-aukera berriak sortzeko”, nabarmendu du Amaia Barredo sailburuak.

Laguntzen helburua da nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien funtzionamendu eta jasangarritasun orokorra hobetzea, batez ere ekoizpen-kostuak murriztuz, ekoizpena hobetuz eta birbideratuz eta teknologia berriak sartuz.

Horrez gainera, eta ingurune naturala, higienebaldintzak edo animalien ongizate-mailak hobetu nahi dituzte, bai eta  nekazaritza garatzeko, egokitzeko eta modernizatzeko azpiegiturak sortu eta hobetu ere, nekazaritza-lurren irisgarritasuna, lurrak finkatzea eta hobetzea, energia jasangarria hornitzea, energia-efizientzia eta ur-hornidura eta -aurrezpena barne.

Nekazaritzako ekoizpena

Beste helburuetako bat da hondamendi naturalek edo ezohiko gertakariek, hondamendi naturalekin pareka daitezkeen fenomeno klimatiko kaltegarriek, abereen gaitzek edo landareen izurriteek, eta babestutako animaliek kaltetutako nekazaritza-ekoizpenaren ahalmena lehengoratzea, bai eta gertakari edo faktore horiek eragindako kalteen arriskua prebenitzea eta arintzea ere.

Era berean, laguntzen helburua klima-aldaketa arintzen eta haren eraginetara egokitzen laguntzea da, baita berotegi-efektuko gasen emisioak murriztearen eta karbono-bahitzea hobetzearen bidez ere, eta energia jasangarria eta energia-efizientzia sustatzea; bioekonomia zirkular jasangarria bultzatzea; eta garapen jasangarria eta baliabide naturalen (uraren, lurzoruaren, airearen) kudeaketa efizientea sustatzea, bereziki mendekotasun kimikoa murriztearen bidez.

Proiektu hauek finantzatuko dira, besteak beste: uztak biltzeko robotikako inbertsioak; nekazaritza- eta abeltzaintza-sektoreko doitasunezko 4.0 makineria eta teknologiak, produktu kimikoen erabilera murriztera bideratuak, bereziki produktu fitosanitarioak eta ongarriak; ereite- eta laborantza-faseetako laboreen trazabilitatea eta kalitatea kontrolatzea; ganaduaren geolokalizazioa; ganaduarentzako itxitura digitalak; ganaduaren genetika eta ugalketa hobetzea; eta goi-teknologiako instalazioak eta elementuak berotegietan, besteak beste, argiztapen-, berokuntza- eta ureztatze-sistemetan.

Laguntzak honako hauetarako ere badira: ustiategietako mindak prozesatzeko eta tratatzeko goi-teknologiako makinak erosteko; laboreetan eta aziendetan beharrezkoak diren instalazioak, ekipamenduak eta makineria erosteko; eta behi-, ardi- eta ahuntz-aziendak kudeatzeko prozesuak digitalizatzeko.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egunekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Agindu honek indartu egiten du nekazaritza-sektoreko enpresei berrikuntza teknologikoa sustatzeko eta nekazaritza-ustiategien lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko ematen zaien laguntza.