Eusko Jaurlaritzak 5,6 milioi euroko aparteko laguntza onartu du 2024rako ardoaren sektorerako, Arabako Errioxako mahastizainei laguntzeko -Errioxa JDK-

Gobernu Kontseiluak ontzat eman du Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren Agindua, zeinaren bidez, ardoaren sektoreari 5,6 milioi euroko aparteko laguntza ematea onartu baita 2024rako, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren (Errioxa JDK) babespean dauden Arabako Errioxako mahastizainei laguntzeko Ukrainako gerraren ondoriozko enpresa-etekinak murriztu direla-eta.

Laguntza hau Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuak ezarritako errendimendu-mugak konpentsatzeko eman da, eta 2024an mahats tinta bildu duten mahastizain guztientzat dago irekita. Hasierako aurreikuspenetan 8 milioi kilogramo mahats ateratzea espero da merkatutik, hau da, 5,2 milioi litro inguru Errioxa JDKko ardo Euskadin.

Zenbateko horiek hektarea-tarteen araberako laguntzei dagokie, ustiategi txikienak lehenetsiz. Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko ofiziozko laguntzaren kudeaketa da, aparteko estatu-laguntzen Ukrainako esparrua delakoaren babesean.

Amaia Barredo sailburuaren arabera, «Euskadiko mahastizaintza eta ardogintza sektorearen egoera une honetan zaila da. Izan ere, oraindik ez dago COVID-19aren pandemiatik guztiz suspertuta, eta, beraz, Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren eta Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren ondoriozko erregaien, energiaren, lehengaien eta bestelako horniduren garestitzeak eragin negatiboa sortu dio”.

«Prezioen garestitze horrek, gehi Estatu Batuen politika protekzionistak eta Brexit-aren ondorioz merkataritzan sortutako zailtasunek nabarmen oztopatu dute sektorearen susperraldia, eta, ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako ardoaren salmentek bilakaera negatiboa izan dute, bereziki Arabako Errioxan, Errioxako JDK jatorri-deituraren izenean ardoa ekoizten duen eskualdean. Alde horretatik, salmentak % 7,5 inguru murriztu dira nazioarteko merkatuetan”, zehaztu du Barredok.

Hortaz, eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka bere horretan mantendu da 2023an. Biltegiko ardo-izakinak % 7,22 igo dira, nahiz eta produkzioa jaitsi (-%2,46). Egoera horren aurrean, Errioxa JDK-k hainbat neurri ezarri ditu, esaterako: 2024ko kanpainan biltzen den tinta-mahatsaren errendimendu onargarrien muga % 10 murriztu du (6.500 kg/Ha-ko errendimendu estandarraren gainean), eta mahastizaintzaren sektoreko tresnaren barruan uzta berdea bultzatu du kanpaina honen barruan, beste hainbat neurrirekin batera, eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka berreskuratzen saiatzeko.

Ziurgabetasuna

Hori dela eta, 2024ko aurreikuspenak ziurgabetasunez beteak daudenez gerrak irauten duen bitartean, jarrera kontserbadorea hartu behar izan da uzta-ekoizpenari dagokionez, eta horrek finantza-laguntza behar du. Izan ere, Europako Batzordeak Errusiak Ukraina inbaditu ondoren ekonomia babesteko laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparrua luzatu eta zabaldu du.

2023ko martxoaren 9an, Europako Batzordeak Krisi eta Trantsizioko Aldi Baterako Esparrua onartu zuen, Ukrainaren aurkako erasoaren ondoren ekonomia babesteko estatu-laguntzako neurriei buruzkoa. Ondoren, Europako Batzordeak erabaki zuen 2024ko ekainaren 30era arte atzeratzea Krisi eta Trantsizioko Aldi Baterako Esparruaren deuseztatze mailakatua, eskatutako babes-neurriak ezartzeko eta estatu kideei beharrezko neurriak aplikatzeko denbora emateko.

Gainera, aldaketa horretan, emandako dirulaguntzen laguntza-atalaseak igo egin ziren, laguntzaren zenbateko mugatua oinarri harturik, zenbateko hauekin, zehazki: 2,25 milioi eurora arte izaera orokorreko enpresa bakoitzeko, eta 280.000 eurora arte nekazaritza-produktuen lehen mailako ekoizpenean jarduten duen enpresa bakoitzeko, eta 335.000 eurora arte arrantzaren eta akuikulturaren sektoreetan.

Azkenik, Europako Batzordeak Krisi eta Trantsizioko Aldi Baterako Esparruaren bigarren aldaketa bat onartu du, Errusiak Ukrainari eraso egin ondoren ekonomia babesteko estatu-laguntzako neurriei loturik, eta, horren bidez, aldaketa hori 2024ko abenduaren 31ra arte luzatuko da.

Galerak arintzea

Horrela, Aldi baterako Esparru Nazional horren babesean, agindu honek jasotzen duen salbuespenezko laguntzak Araban mahastizaintzan diharduten pertsonen diru-sarreren galera arintzen lagundu nahi du, kontuan hartuz Errioxa JDK-k bultzatutako neurrien arteko bat eta horrek dakartzan kostu erantsiak, bai eta eskaintza eta eskaria arautzen ere, Euskadiko mahastizaintza- eta ardogintza-sektorea berrorekatuz, eta, horrela, Errioxa JDKren babespean dagoen ardoaren guztizkoa murriztuz.

Beraz, mahatsa biltzen duten mahastizainei laguntza eman nahi zaie, Errioxa JDK-k kanpaina honetarako adostutako mahats tintaren errendimenduaren % 10eko murrizketa konpentsatzeko. Horrela, 8 milioi kg mahats inguru atera nahi dira merkatutik, hau da, 5,2 milioi litro inguru Errioxa JDK-ko ardoa Euskadin.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten mahastizaintzako ustiategien titularrak izan daitezke onuradun: Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritza-ustiategi baten titularra izatea, edo Arabako Mahastien Erregistroan inskribatutako eta Errioxa JDK-k babestutako mahastiak dituen edozein lurralde historikotako titularra izatea; 2024ko ekitaldian mahats tinta bildu izana Errioxa JDKren barruan ardo bihurtzeko; eta 5.850 kg/Ha-ko mahats tintaren ekoizpen-errendimendu onargarriaren muga ez gainditzea (6.500 kg/Ha-ko errendimendu estandarraren % 90).

Aplikazio-eremua Arabako Mahastizaintza Erregistroan sartuta dauden eta Mahastien Erregistroan inskribatuta dauden lursailak eta Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzaileko titularrak izango dira.

Laguntzaren zenbatekoa

Laguntzaren balioa prima bat izango da tinta-mahatsaren hektarea bakoitzeko, eta gehieneko errendimendua 5.850 kg/Ha-koa izango da, Errioxa JDKren arabera. Ustiategiko hektarea-tarteak Arabako Lurralde Historikoko Mahastizaintza Erregistroan erregistratutako eta Errioxako JDK-k babestutako hektareen arabera ezartzen dira. Primen zenbatekoak honako hauek izango dira:  a) 50 Ha-tik beherako ustiategiak: 487,5 €/ Ha; b) 50 eta 100 Ha arteko ustiategiak: 325,0 €/ Ha eta c) 100 Ha-tik gorako ustiategiak: 130 €/ Ha.

Ustiategi onuradunen titularrei laguntza ordaintzeko, Errioxa JDKak lehenik egiaztatuko du Ardoaren Esku-hartze Sektorialaren 2024ko uzta berdeari atxikitako mahats tintaren hektareak kendu direla. Eskatzaile bakoitzeko laguntzaren gehieneko zenbatekoa ez da inola ere 280.000 € baino gehiago izango.

Laguntzak Arabako Foru Aldundiaren Ardo Etxearen eta, hala badagokio, Errioxa JDKren Kontseilu Arautzailearen erregistro eta espedienteetan dauden datuen arabera kudeatuko dira, eta aurreikusitako zenbatekoen arabera ezarritako kalkuluetan oinarrituta emango dira, baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.