Ertzainek 27 urteko gizon bat atxilotu dute gaur, osteguna, goizaldean, Azpeitian, leihate bat behartuta sartu eta ostalaritza-establezimendu batean lapurretan ari zenean in fraganti harrapatu ondoren.
Gaur goizaldeko hiru eta erdiak aldera, Ertzaintzari jakitera eman diote Azpeitiako erretegi bateko intrusio-alarma aktibatu dela, eta inguruan zaintza-lanetan ari zen herritarren babeserako dotazio bat berehala hurbildu da adierazitako lekura.
Iritsi denean, patruilak ikusi du tabernako barran linterna bat zeraman pertsona bat zegoela, eta honek, polizia ikustean, korrika alde egin du lokaletik, hautsita zegoen leihate batetik irtenda, agenteek ematen zizkioten aginduei jaramonik egin gabe.
Agenteak susmagarriaren atzetik irten dira, eta inguruan geldiarazi eta identifikatu dute. Aldi berean, egiaztatu ahal izan dute gizonak, ihesi zihoanean, establezimenduan lapurtutako txanponak zituzten hainbat blister bota dituela zuhaixka-eremu batean.
Horren aurrean, gaztea indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu dute, eta gero polizia-egoitzara eraman dute dagozkion eginbideak betetzeko, epailearen aurrera eraman baino lehen.