Bi pertsona atxilotu dituzte Eako etxe batean egindako lapurretarengatik

Ertzainek gizon bat atxilotu zuten atzo, asteazkena, joan den irailean Eako etxe batean lapurreta egitea leporatuta. Etxetik bankuko txartel bat lapurtu zuen, eta gero 4.950 euroko erosketak egiteko erabili zuen. Gaur, osteguna, goizean, emakume bat ere atxilotu dute iruzurrezko erosketetan ustez parte hartu izanagatik.

Joan den irailaren erdialdera, lapurreta egin zuten Eako (Bizkaia) etxe batean. Biktima adineko emakume bat zen, eta, esan zuenez, norbaitek etxeko atea behartu zuen barrura sartzeko eta kreditu-txartel bat eta dirua lapurtu zizkion, bera konturatu gabe. Biktimak lapurreta salatu zuenerako, ordainketa ugari egin ziren Bizkaiko hainbat herritan, batez ere dendatan, eta 4.950 euro gastatu ziren erosketak egiten.

Salaketa jaso ondoren, Gernikako Ertzain-etxetik ikerketa hasi zuten lapurretaren egilea edo egileak identifikatzeko. Egindako ikerketen ondorioz, susmoak polizia-aurrekari ugari zituen 24 urteko gizon batengana bideratu ziren

Ertzaintzaren baliabideek atzo, asteazkena, aurkitu zuten lapurretaren ustezko egilea Galdakaon, eta atxilotu egin zuten. Gaur, osteguna, goizean, 44 urteko emakume bat atxilotu dute biktimaren kreditu-txartelarekin egindako iruzurrezko erosketekin zerikusia izan dezakeelakoan, eta ez da baztertzen gastu horietan beste pertsona batzuek ere parte hartzea, eta polizia-ikerketek aurrera jarraitzen dute, beraz. 

Polizia-eginbideak amaitu ondoren, bi atxilotuak agintari judizialaren eskuetan jarri dituzte.