Datorren ostiralean, hilak 25, abiatuko da hiriko zientzia eta berrikuntza ekosistema donostiarrei hurbiltzeko helburuarekin
Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bitartez eta tokiko zientzia eta berrikuntza ekosistemaren zenbait agenterekin lankidetzan, antolatzen duen Donostia WeekINN Berrikuntzaren XI. Astea hileko 25etik 31ra egingo da. Aurreko 10 edizioetan, 380 jardueratik gora antolatu dira hiriko hainbat espaziotan, erakunde nazional eta nazioartekoen lankidetzari esker eta parte hartze handiarekin. Aurten ere, lankidetza hori ezinbestekoa izango da berrikuntza, zientzia eta ekintzailetza herritarrengana hurbiltzeko.
Edizio honetan, gainera, ekintzailetza ardatz nagusi izango da EKINNekin, aurten ireki den berrikuntza eta ekintzailetzarako nodoa. Erreferentziako espazioa izango da aste osoan zehar, eta bertan egingo dira herritar guztiei zuzendutako jaialdi bat, gazteentzako nazioarteko topaketa bat eta tokiko ekintzailetza proiektu berritzaileenentzako jardunaldi bat.
Zalantzarik gabe, Berrikuntzaren Asteak indartu egingo du Donostia Sustapenak ezagutza, zientzia eta berrikuntza sozializatzearen alde egin duen apustua, hiriko sektore garrantzitsuak baitira, Donostiako enpleguaren % 35,3 eta BPGd-ren % 49 hartuta.
Aurtengo WeekINN asteak jarduera nagusi hauek izango ditu, jardunaldika banatuta:
EKINN Fest
Berrikuntzaren Asteak EKINN espazioa (San Bartolome Gaina) hiriaren zerbitzura jarriko du, herritarren jaialdi batekin. Inguruko erakundeen (Catalonia Hotela eta Aldapeta Ikastetxea) lankidetzari esker, ostiral arratsaldetik, EKINN Fest jaialdiak familia osoarentzako jarduerak eskainiko ditu, horien barne direla STEAM bokazioak sustatzeko joko eta erronkak, zuzeneko musika Oihan Vegaren moduko DJen eskutik, EKINN espazioaren bisita gidatuak, erakusketak, escape room-ak… Azken batean, familiei zuzendutako jai giro ludiko batean zientziara eta berrikuntzara hurbiltzeko aukera paregabea.
NEXT GEN
Goizeko lehen ordutik, EKINN izango da NEXT GEN nazioarteko gazteen topaketaren egoitza. Hiriak gazteentzako erakargarriagoak egiteko estrategiak eztabaidatuko dira han. Jardunaldia ingelesez garatuko da, izen ematea libre da eta Eurocities sare europarrarekin eta Next Generation Academy-rekin lankidetzan antolatu da, bertako zein atzerriko gazteek erronka honen inguruan elkarrekin hausnartu dezaten.
Ekimena astean zehar ere errepikatuko da, jardunaldi murriztuagoekin, hiriko zenbait unibertsitate eta lanbide heziketako zentrotan.
SAN SEBASTIÁN SCIENCE SOCIETY
Arratsaldean, 18:30etik 20:00etara, eta hiriko I+G+B agenteekin lankidetzan, Kursaalen antolatuko da inpaktu soziala duen zientziari buruz hitz egiteko herritarren topaketa hau. Zientzialari ospetsuek emango dituzten ponentziez gain, zientziaren esparruko funtsezko agenteak gaiari buruz eztabaidan arituko dira.
Berrikuntzaren Astea hedatu eta sozializatzearen aldeko apustua indartu egin da. Urtero bezala, ikastetxeen bisitak egingo dira WeekINN astearen lankide diren teknologia eta ikerketa zentroetara, ikasleek zentro horietako instalazioak eta Donostian garatzen ari diren teknologia eta ikerketak ezagutzeko aukera izan dezaten.
EKINN ENTREPRENEURSHIP SUMMIT
Goizean, konexiorako espazio bihurtuko da EKINN; startup, ekintzaile eta tokiko enpresa berritzaileak harremanetan jartzeko inbertitzaile, korporazio nazional, nazioarteko korporazio eta proiektu berritzaileen garapen eta hazkunderako bestelako erakunde garrantzitsuekin.
HITZ EKINN
Giro atseginean garatuko den afari-solasaldia, berrikuntzari eta talentuari buruzko ideia eta ikuspegiak partekatu eta hurbiltzeko.
EKINN TALENT
Goizean, Reale Arenan bilduko dira LHko eta zenbait unibertsitatetako 400 ikasle inguru, hiriko lan aukerak eta horietara hurbiltzeko modurik eraginkorrenak ezagutzeko. Hala ere, interesa duten pertsona guztiei ere irekita dago jarduera, enplegua bilatzeko prozesua hobetzeko aholkularitza jaso nahi badute.
EKINN Talent ekimenarekin bat etorrita, Interneteko espazio bat jarriko da abian, Donostiako erakundeek beren lan aukerak bertan partekatzeko.
EMAKUME ZIENTZIALARIAK ATZO ETA GAUR
Arratsaldean eta “Emakumeak Zientzian” elkartearekin lankidetzan, Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan topaketa bat antolatuko da, emakumeek zientzian duten eginkizuna ezagutzera emateko eta STEAM bokazioak areagotzeko helburuekin. Gure hirian lan egiten duten emakume ikertzaile zientifikoek beren esperientziak partekatuko dituzte eta historiako zenbait emakume zientzialari nabarmeni omenaldia egingo diete.
DSS INN SARIAK
XI. WeekINN Astearen amaiera DSS INN Enpresa Berritzaileen IX. Sariak izango dira. Sari hauekin, beren enpresa proiektuetan berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egin duten eta beren sektoreko zein hiriko erreferente bihurtu diren erakundeen lana goraipatzen du Donostia Sustapenak. Galan, saria emango zaie enpresa gazte berritzaile bati, ongi finkatutako enpresa bati eta hiriko berrikuntzarekin konpromisoa duen erakunde bati.
Berrikuntzaren XI. Astea, WeekInn, posible izango da erakunde hauen lankidetzari esker: Aldapeta Maria ikastexea, BASQ Basque Quantum, Cebanc, Ceinpro, CEIT, CFM- Centro Física de Materiales, CIC biomaGUNE, CIC NanoGUNE, Clave Capital, Cyber surgery, Deusto, Deutsche Schule, DIPC – Donostia International Physics Center, Easo Politeknikoa, Easo Ventures, Ekintza ikastola, Elizaran, Elkargi, Emakumeak Zientzian, Euskalhack, Gulink, Herrera ikastetxea, Hotel Catalonia , IIS Biogipuzkoa, Indexa Capital, La Anunciata ikastetxea, La Asunción ikastetxea, Linq, Nazaret, Neety, Polymat, Presentación de Maria ikastexea, Saint Patricks, Santo Tomas Lizeoa, Tecnalia, Tecnun, The Cube, UPV-EHU, Vicomtech, Viralgen, Wekude, Zucchetti.
WeekINN astearen informazio guztia eta ordutegiak eskura daude dagoeneko www.fomentosansebastian.eus webgunean.
Ertzaintzako agenteek 21 eta 25 urteko bi gizon atxilotu dituzte Sopelan, etxebizitza batean lapurtzen saiatzea…
Ertzaintzako agenteek 16 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo arratsaldean, droga-trafikoko ustezko delitu bat egotzita,…
24_0648 Gizon bat atxilotu dute hilketa delitu batengatik, Gasteizko adinekoen egoitza batean beste pertsona bati…
PRUEBA Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak bat egingo du GIBaren eta HIESaren aurkako…
PRUEBA 6.000 pertsona inguru erregistratu dira, jardueraren lehen bi egunetan, bonobarakaldo.inguralde.eus plataforman, Barakaldoko Udalak…
PRUEBA Datorren abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunerako tradizioari eutsiko dio Barakaldok. Udalak, Euskara…