Eusko Jaurlaritzak 40 beka iragarri ditu

Bekek 6.600 euro bermatuko dituzte urtean; hau da, 550 euro hilean

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak, Maria Jesús San José sailburuak proposatuta, diruz lagunduko ditu karrera judizial eta fiskalean eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoan sartzeko oposizioak prestatu nahi dituzten pertsonak. Horretarako, Gobernu Kontseiluak 264.000 euroko zuzkidura onartu du gaur, 2025ean 40 beka finantzatu ahal izateko.

Beren ibilbide profesionala karrera judizial eta fiskalean eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoan garatu nahi duten Zuzenbidean lizentziadunak edo gradudunak motibatzea da deialdi honen helburua, baliabide pertsonal egonkorrak eskainiz eta ikaslearen eraginkortasun- eta kalitate-maila hobetzen lagunduz. Halaber, plantillaren egonkortzea sustatu eta Justiziak eskaintzen duen zerbitzu publikoa hobetu nahi da, biztanleen gogobetetasuna eta horiek Justizia Administrazioan duten konfiantza areagotzeko.

Beka eskatuko duten pertsonen kopurua handitu nahian, zenbait berritasun sartu dira. Esaterako, ikasketa-espedientean gutxienez 6ko nota izatea eta Zuzenbidean lizentzia lortu zenetik zazpi urte gehienez igaro izana eskatzen zuten baldintzak ezabatu dira; eskatzaileak lan egin eta bekaz gozatzeko aukera izango du, bai eta oposizioa espezializatutako ikastetxe baten gidaritzapean prestatzeko ere. Halaber, laguntza hauen % 5 desgaitasuna (% 33ko gradua gutxienez) duten pertsonentzat erreserbatu da.

Beka bakoitzak 6.600 euro emango ditu urtean, 550 euro hilean, 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte, oposizioa prestatzeko espezializatutako ikastetxearen edo eskatzailearen gastuak edo beharrezkoa den material didaktikoari, joan-etorriei edo azterketak hartuko dituen udalerrian eduki beharreko ostatuari edo otorduei loturiko beste gastu batzuk ordaintzeko.

Eskariak aurkezteko epea hil batekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta elektronikoki egin ahalko da soil-soilik.