Categorías: albisteak-berriak

UPV/EHUren Adimen Artifiziala eta Hizkuntzaren Teknologiaren HiTZ Katedrara batu dira Elhuyar, IKERLAN eta MasOrange

Orain dela gutxi, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Adimen Artifiziala eta Hizkuntzaren Teknologiaren HiTZ Katedrari atxiki zaizkio Elhuyar Fundazioa, IKERLAN teknologia zentroa eta MasOrange enpresa.

“Katedrari esker, IKERLANek gizarteari helarazi diezaioke Adimen Artifizialaren (AA) gainean dugun ezagutza teknologikoa, eta AA aplikatuaren aldeko gure ikerketa lana indartzen jarrai dezakegu”, adierazi du Josu Bilbaok, IKERLANeko Teknologia Digitalen eta AAren zuzendariak. Aitzol Astigarraga Pagoaga Orai NLP zentroko koordinatzailearen hitzetan, “Elhuyarrentzat oso garrantzitsua da haren adimen artifizialeko zentroaren, Orai NLP-ren, bidez katedraren parte izatea, hizkuntzaren teknologien gainean ikertzen jarraitzeko eta soluzioak merkatuko beharretara egokitzeko”. Elisa Perán MasOrange-ko Talentuaren zuzendariak nabarmendu duenez, “katedrak esparru ezin hobea eskaintzen digu ikasleekin zuzenean lan egiteko eta, hala, AA eta hizkuntzaren teknologiak benetako arazoei aplikatzeko”.

Adimen Artifizialaren Estrategia Nazionalaren (ENIA) barruan kokatzen da UPV/EHUren Adimen Artifiziala eta Hizkuntzaren Teknologiaren HiTZ Katedra; eta estrategia hori, aldi berean, Espainia Digitala 2026 agendaren parte da. Eraldaketa Digitalerako Ministerioak Adimen Artifizialaren ikerketara, dibulgaziora, irakaskuntzara eta berrikuntzara bideratutako unibertsitateko katedrak finantzatzeko deialdian aukeratu zuten HiTZ Katedra. Ministerioak aukeratutako 21 katedren artetik, hizkuntzaren teknologiara bideratutako bakarra da, eta Euskal Herrian garatuko den bakarra. UPV/EHUko Informatika Fakultateko AAri buruzko lau lantaldetako ikertzaileek parte hartzen dute katedran (HiTZ Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroa nabarmendu behar da horien artean), eta Avature enpresak ere bai; enpresa aitzindaria da talentua eskuratzeko eta kudeatzeko teknologiaren arloan. Gainera, katedrak sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatu nahi du hizkuntza teknologiari aplikatutako AAren arloan.

“Adimenaren funtsezko ezaugarrietako bat da hizkuntza naturalaren bidez komunikatzeko gaitasuna. Hizkuntza teknologia Adimen Artifizialaren baitako eremu bat da, eta giza hizkuntza ulertu eta interpretatu dezaketen algoritmoak eta sistemak garatzen ditu, batez ere. Arlo hori iraultza bat sortzen ari da AAren barruan, gizartea aldatzen ari diren aplikazioekin: itzulpen automatikoa, ahots bidezko elkarrizketa sistemak edo sistema sortzaileak, hala nola ChatGPT edo Gemini. Adimen Artifiziala eta Hizkuntzaren Teknologiaren HiTZ Katedrak programa anbiziotsua du Euskal Herriko Unibertsitateak teknologia horretan duen lidergoa indartzeko, atxikitako enpresek AAren arloan dituzten gaitasunak handitzeko eta herrialdea abangoardia teknologikoan kokatzeko”, nabarmendu du Aitor Soroak, katedraren zuzendariak.

Unibertsitatea-enpresa lankidetza

Adimen Artifiziala eta Hizkuntzaren Teknologiaren HiTZ Katedraren helburu nagusia Adimen Artifizialaren eta Hizkuntza Teknologiaren inpaktu positiboa indartzea da, oro har gizartean, eta zehazki ekoizpen ehunean. Horrez gain, Adimen Artifizialaren eta Hizkuntzaren Teknologiaren gaineko ikerketa jarduerak indartu nahi ditu, eta teknologia hori erabiltzen duten hainbat arlotako prestakuntza eskaintza aberasteko ezagutza sendoa sortu nahi du.

Horretarako, hiru lan arlo nagusi garatzen ditu katedrari atxikitako enpresekin batera. “Batetik, gaiaren gaineko aditu kopurua handitu nahi du, eta, horretarako, katedraren gaiekin eta atxikitako enpresen interesekin bat datozen gradu eta master amaierako lanak sustatzen ditu. Gainera, etengabeko prestakuntza eskaintza sustatuko du katedrak, profesionalei, teknikariei, enpresetako zuzendariei eta eragile sozialei zuzenduta”. Ikertzaileen eta katedrako enpresen arteko transferentzia bultzatzea da katedraren beste lan lerro bat. Horretarako, lankidetza mekanismo berriak sortzen ditu, barruan zein kanpoan sinergiak identifikatu ahal izateko. Hala, elkargune bat izan nahi du katedrak, profesionalek eta ikertzaile akademikoek euren esperientziak partekatzeko, interes komunak identifikatzeko eta bientzako erakargarriak diren ikerketa lerroak definitu eta martxan jartzeko. Azkenik, katedrak ahalegin berezia egingo du emaitzak hedatzeko eta Adimen Artifizialarekin eta Hizkuntzaren Teknologiarekin lotutako alderdiak dibulgatzeko. Hala, gizarteari helaraziko dio haren jarduera guztien gaineko informazioa, baita teknologia horiek gizartean duten inpaktuari buruzko informazioa ere. “Hori bereziki garrantzitsua da garai honetan, gizarteak baduelako AAren aurrerapenen eta aurrerapen horiek izan ditzaketen arrisku posibleen gaineko sentsibilizazioa. Atxikitako enpresek aholkularitza-zerbitzuak jasoko dituzte, ikerketa lerroetan eragiteko gaitasuna izango dute, eta prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko eskubidea izango dute, baita hedapen jardunaldietan parte hartzeko eskubidea ere”, amaitu du Aitor Soroak.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Ingresa en prisión el joven detenido por la Ertzaintza acusado de agredir física y sexualmente a su pareja

24_0647 Ingresa en prisión el joven detenido por la Ertzaintza acusado de agredir física y…

7 horas hace

Oion, bihurkin batekin mehatxu egin dio tailer bateko arduradunari, ibilgailu batean lapurtzen harrapatu ondoren

Ertzaintzak 46 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo gauean, asteartea, Oionen, larderiaz lapurreta egitea egotzita,…

16 horas hace

Dualia: “Itzulpen literala eskaintzen duen Adimen Artifizialaren aurrean, guk Adimen Emozionala duen interpretazioa profesionala eskaintzen dugu”

PRUEBA Dualia Arrasaten kokatutako enpresa bat da, eta interpretazio eta itzulpen profesionaleko zerbitzuak eskaintzen…

16 horas hace

Donostiako Udalak plaka bat jarriko du Mikel Zabalzaren omenez

PRUEBA Tranbiaren Konpainiako txoferra duela 39 urte poliziaren ekintzak eragindako biktima izan zen, eta…

16 horas hace

Donostia Kirolak kalistenia eta parcour pista berri bat ireki du Txaparrenen

PRUEBA Aurrekontu parte-hartzaileen bidez proposatutako ekimena da, eta 74.000 €-ko inbertsioa ekarri du. Txaparrene…

16 horas hace

B-WOMENIN Globalek sare profesionalen garrantziari buruzko saio batekin emango dio amaiera urteari

PRUEBA B-WOMENIN Global “Meeting & Expanding 2024” programa urteko seigarren eta azken saiora heldu…

16 horas hace