Ertzaintzako agenteek 39 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, astelehena, goizaldean, Sondikan, lehentxeago Derioko taberna batean indarra erabiliz egindako lapurretan parte hartzeagatik. Lapurreta egin ondoren, ibilgailu batean ihes egin zuen, eta ihesi zihoala, zirkulaziorako arrisku larriko egoerak sortu zituen, eta bere atzetik irten zen polizia-ibilgailuarekin talka egin zuen.
Atzo goizaldeko bostak baino lehentxeago, Ertzaintzari jakinarazi zioten norbait ustez lapurretan ari zela Derioko taberna batean. Herritarren babeserako dotazio bat berehala abiatu zen adierazitako lekura, eta bertatik presaka alde egiten ari zen ibilgailu batekin gurutzatu zen.
Delitu-egintza horretan inplikatuta egon zitekeela egiaztatu ondoren, auto susmagarriaren atzetik abiatu ziren. Gidariak, emandako jarraibideei batere jaramonik egin gabe, abiadura bizkortu zuen, errepideko gainerako erabiltzaileentzat arrisku larriko egoerak sortzen hasi zen, eta Sondika parean polizia-ibilgailuarekin talka egin zuen.
Istripua gertatu zenean, autoan zihoazen bi pertsonek autotik atera eta oinez jarraitu zuten ihes egiten eta, azkenean, gidaria inguruan geldiarazi ahal izan zuten. Auto barruan hainbat tresna eta dirua zuen kutxa erregistratzaile bat, Derioko tabernakoa, aurkitu zituzten.
Beharrezko frogaketak egin ondoren, atxilotu egin zuten indarra erabiliz lapurreta egitea eta bide-segurtasunaren aurkako delitua leporatuta, eta ikerketa oraingoz zabalik dago, atxilotuaren laguntzailea identifikatu eta atxilotu ahal izateko.