Osasun Sailak eta UPV/EHUk adostu dute 2025/2026 ikasturtean Mendikuntzako plaza kopuruaren zabalkuntza sustatzea, gure osasun sistema indartzeko

  • Alberto Martinez Osasun sailburuak plaza gehigarri horiek euskaraz izatea eskatu dio errektoreari.
  • Osasuneko sailburuak eta UPV/EHUko errektoreak bi erakundeen arteko lankidetzan sakontzeko konpromisoa hartu dute, lehentasunezkotzat jo dituzten erronkei ahalik eta erantzun onena emateko.
  • Lan-bileraren ondoren, Alberto Martinez Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikasleekin ere bildu da.

Alberto Martinezek Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu gisa egin du gaur lehen bisita Euskal Herriko Unibertsitatera, eta lan-bilera bat izan du Eva Ferreira errektorearekin eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko arduradunekin. Horrela, jardunaldi honen helburua euskal unibertsitate publikoan osasunaren arloko goi-mailako prestakuntzaren eta ikerketaren egoera partekatzea izan da.

Alberto Martínez Osasun sailburuak eta Eva Ferreira EHUko errektoreak egindako bileran, Osasun Sailaren aldetik, Osasun Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuorde Lore Bilbaok eta Osakidetzako zuzendari nagusi Susana López Altunak ere parte hartu dute. UPV/EHUko taldea, Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, Guillermo Quindos Garapen Zientifiko eta Transferentziako errektoreordeak, Joseba Pineda, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoak eta Almudena Ramos Fakultateko idazkari akademikoak osatzen zuten.

Osasuneko sailburuak eta UPV/EHUko errektoreak konpromiso sendoa agertu dute bi erakundeen arteko lankidetzan sakontzeko eta lehentasunezkotzat jo dituzten erronkei ahalik eta erantzun onena emateko.

Alberto Martinez sailburuak azpimarratu duenez, «bi erakunde gara, nahitaez sinbiosian bizi behar dutenak, gizarteari ematen dioten onura eta ongizatea optimizatzeko». Ildo horretan, honako hau azpimarratu zuen: «Ezin dugu ahaztu Medikuntza eta Erizaintza Fakultate hau dela gure osasun-sistemaren harrobia, eta, beraz, gakoa euskal herritarrei osasun-arreta ematen dietenen bikaintasun profesionala eta humanoa bermatzeko».

Ildo horretan, Eva Ferreira errektoreak azpimarratu du euskal unibertsitate publikoak eskaintzen duen prestakuntza eta  garatzen duen ikerketa «funtsezkoa dela gure herriarentzat, baita Osasun Zientzien esparruan ere». Hala, gogorarazi du UPV/EHUk espezialitate guztietako profesionalez hornitzen duela osasun-sistema; izan ere, ikasturte bakoitzean 1.100 profesional baino gehiago titulatzen ditu. Ferreirak Osasun Sailarekin lankidetza estuan aritzearen garrantzia era nabarmendu du, «akordio berriak lortzeko, plazak gradu batzuetan zabalduz, irakasleak egonkortuz eta azpiegitura berrien beharrari erantzunez, bereziki Araban eta Gipuzkoan».

Hain zuzen ere, lehen topaketan jorratutako gaien artean, nabarmentzekoa da datorren 2025/2026 ikasturtean medikuntzako ikasleentzako plaza kopurua 40 gehiago izan daitezen bultzatzeko akordioa, gure osasun-sistema indartzen laguntzeko, hori baita Alberto Martinezek zuzentzen duen Sailaren lehentasun handienetako bat. Gainera, sailburuak errektoreari eskatu dio plaza gehigarri horiek euskaraz izatea. Bi erakundeak lanean ari dira plaza berri horiek sartzeko, eta, beraz, UPV/EHUren eskaintzan Medikuntzako 400 plaza izateko helburua lortuko litzateke, betiere behar adina baliabide izanez gero, eta bi hizkuntzen arteko oreka lortuz. Gaur egun, 200 plaza eskaintzen dira gaztelaniaz eta 168 euskaraz.

Era berean, funtsezko beste gai batzuk ere jarri dituzte mahai gainean, hala nola Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria, Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen ondoan, edo Arabako eta Gipuzkoako campusetan eta Bilboko Odontologia Klinikan behar diren irakaskuntza-azpiegitura berriak.

Aldi berean, hainbat gai errepasatu dira, hala nola egungo prestakuntza-eskaintza, ikasleen eta irakasleen plazen beharrak, UPV/EHUk eta Osasun Sailak, Institutu Biosanitarioen bidez eta Osakidetzako ospitale publikoen sarearekin, lankidetzan diharduten ikerketa-eremuaren egoera, edo eremu sanitarioaren eta sozialaren arteko loturan sakontzeko jarduerak, besteak beste.

Gaur egun, Osasun Sailak lankidetza-hitzarmen bat dauka UPV/EHUrekin Familia eta Komunitate Medikuntzako Gela mantentzeko. Gela honetan, irakaskuntzaren, ikerketaren eta emaitzen eraldaketaren arloko jarduerak garatzen dira, lehen mailako arretarekin eta arreta komunitarioarekin lotutako gai espezifikoetan. Esparru hori indartzea da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren lehentasunezko helburu estrategikoetako bat.

Bi erakundeek positibotzat eta emankortzat jo duten bileraren ondoren, Osasuneko sailburuak eta UPV/EHUko errektoreak, gainerako lantaldeekin batera, bilera bat izan dute Fakultateko ikasleekin. Bertan, Osasuneko sailburuak osasun-egoerari buruzko hausnarketa aurkeztu die ikasleei, eta nabarmendu du aberasgarria dela datozen hamarkadetan Euskadiko osasun-asistentziako protagonistekin izandako topaketa.